Gizarte Ekimeneko akordioaren edukien baitan ELAk Partaidek eta LABi dei egiten die Ikastoletan akordio berri bat negoziatzera
Joan den azaroaren 26ean eta abenduaren 2 eta 3an Partaidek, EIBk eta LABek Itunpeko Irakaskuntzako Ikastoletako langileen lan-baldintzak arautzen dituzten akordio ezberdinak sinatu zituzten. Prozedura onartezina eta eduki atzerakoiak jasotzen dituzten akordioak, hain zuzen ere. Gogoratu beharrean gaude akordio hauen baitan Partaide, EIB eta LABek Askatasun Sindikala eta Negoziazio Eskubidea urratu zituztela ebatzi duela EAEko Auzitegi Nagusiak, jada behin-betikoa den epaian.
Partaide, EIB eta LABek sinaturiko akordioan:
-
Ikastola guztiak hitzarmeneko soldata-tauletatik desatxikitzea ahalbidetzen eta adosten da, Rajoyren lan-erreformak berak ere jasotzen ez duen sektoreko enpresa guztien desatxikimendua.
-
2009ko soldata-taulak berreskuratzea finantziazio publikoaren baitan eta ondorioz Eusko Jaurlaritzaren borondatearen baitan kokatzen da.
-
2011n murrizketak aplikatzean sortutako zorra aitortzen da, baina bere ordaina ere finantziazio publikoaren baitan izango da eta ez da bere ordainketarako modurik zehazten
-
2012, 2013 eta 2014 urteetarako oinarritzat murriztutako soldatak hartzen dira, %0,7ko igoera batekin gehienez sei urteko eperako, eta 2009ko taulekiko aldearen ordaina finantziazio publikoa izateak baldintzatzen du. Ordaindu gabe geratzen den zorra aitortzen da, baina bere ordainketarako ez da modurik zehazten.
-
Akordio hau bera ere ez aplikatzeko atea irekitzen da.
Duela astebete Itunpeko Irakaskuntzako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan lau urtetako gatazka luze eta gogorrari amaiera ematen zion akordioa sinatu zuten sektoreko sindikatu guztiek. Akordio honen baitan:
-
Hitzarmena bere osotasunean berreskuratzen da.
-
Espreski jasotzen da hitzarmenaren ultraaktibitatea hurrengoa sinatu arte mantenduko dela.
-
Hitzarmeneko soldata-taulen ordaina berrezartzen da, ahalik epe laburrenean, beti ere 2015 amaiera baino lehenago (25.000 €tik beherako soldaten kasuan, berehala), zuzenean finantziazio publikoarekin lotu gabe.
-
Taulak osotasunean ordaindu arte metatu den zorra aitortzen da, eta hau kitatzeko mekanismoa modu zehatzean arautzen da, itunpeko moduluen gehikuntzaren baitan izango bada ere.
-
Hezkuntza Laguntzako Espezialistak irakaskuntza publikoko funtzio bera duten langileekiko %95ean homologatzen dira.
-
Zailtasun bereziki handiak dituzten ikastetxeei, betiere arazoak objektiboak eta behar bezala justifikatuak direnean, irtenbidea emateko aukera eskaintzen da; ezinbestekoa da, alta, langileen ordezkari legalen adostasuna, eta eragotzi egiten da erreforma laboralean jasotako derrigorrezko arbitrajea.
Gogoratu beharrean gaude ELAk aldarrikapen hauek bai Ikastoletan baita Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan egin zituenean Kristau Eskola eta Partaide patronalek baita, harrigarria gertatzen den arren, LABek ere, maximalistatzat jo zituztela, ikastetxeen bideragarritasuna oztopatzen zutela eta enplegua bera ere arriskuan jartzen zutela gogor salatu zuten. LABek, sindikatu baten ahotan sinestezina gertatzen den arren, zorraren ordainketarekin inolako zerikusirik ez duen ikastetxe baten eta hainbat enpleguren galeraren errua bera ere ELAri botatzera iritsiz (ikstetxe horietan hain zuzen ere zorraren ordainketa atzeratu egin zen).
Orain ordea, gatazka luze eta gogor baten ondoren, milaka erreklamazio judizial, 5 greba egun, bi egunetako lanuzte partzialak eta ikastetxe, herri eta eskualde ezberdinetan hamarnaka mobilizazio burutu ondoren ELAren aldarrikapen guztiak jasotzen dituen akordioa posible izan da eta Gizarte Ekimeneko patronalen esanetan ikastetxeen bideragarritasuna bermatua dago.
ELArentzat bereziki larria izan da LABek hartu duen jarrera. Izan ere bai Ikastoletan baita Gizarte Ekimenean ere patronalen estrategiei babesa eman baitie, langileen interesen defentsa bigarren mailan utzi ditu eta aldarrikapen, borroka sindikal eta mobilizazioak ez bultzatzeaz gain oztopatzeko ahalegin guztiak egin ditu, horretarako gainerako sektoreetan guztiz pentsaezinak diren argudio eta baliabideak erabiliz.
Hau honela eta kontutan izanik bai Ikastolek baita Gizarte Ekimeneko ikastetxeek ere itunpeko ikastetxeen trataera eta finantziazio bera dutela, ELArentzat onartezina da Partaide, EIB eta LABek sinaturiko akordioarengatik Ikastoletako langileek Gizarte Ekimeneko ikastetxeetakoek baino baldintza kaskarragoak izatea eta modu berezian hitzarmenaren betetzea eta lan-baldintzak patronalen eta gobernuaren borondatearen menpe egotea.
Horregatik, ELAk Partaideri eta LABi eskatzen die, Itunpeko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetan sinatu den akordioaren baitan, berehala Ikastoletako negoziazio mahaia ireki dezatela eta akordio berriak irekitzen dituen aukerak kontutan izanik parekoa den esparruan posible izan den akordioa Ikastoletan ere negoziatzeko aukera izan dezagula ikastoletako langileek hitzarmena bere osotasunean berreskura dezaten, hitzarmeneko taulen ordainketa lehenbailehen gauza dadin, finantziazio publikoari zuzenean lotu gabe, eta pilaturiko zorra ordaintzeko mekanismo zehatzak ezar daitezen.
Itunpeko Irakaskuntzan Gizarte Ekimeneko eta Ikastoletako akordioen ondoren hitzarmenaren eta lan baldintzen egoera
Gizarte Ekimena |
Ikastolak |
|
Ordezkaritza sindikala |
ELA %58 (LAB %6) |
LAB %64 (ELA %36) |
EAEko Hitzarmen propioa |
Bai |
Bai |
Hitzarmeneko soldata taulak |
Bai. Eperik laburrenean, betiere 2015 amaitu aurretik |
Aitortza. Murrizturiko taulen ordainketa. Hitzarmeneko taulen ordainketa, datarik gabe eta gobernuaren erabakiaren baitan. |
Soldata tauletatik desatxikitze orokorra |
Ez |
Orokortua ikastola guztietan |
Desatxikitze klausula garantista (derrigorrezko arbitrajerik gabe) |
Bai |
Bai. Ikastola guztietan desatxikitze orokorra eman ondoren. |
Zorra |
2010, 2011 eta 2013/01-07 ordaindua. Gainerako onartua, kuantifikatua eta ordainketa itunduriko moduluen handitzearen baitan |
2010 ordaindua. Gainerakoa onartua, kuantifikatu gabea, 6 urtetan +%0,7 eta ordainketa gobernuaren erabakiaren baitan. |
Ultraaktibitatea |
Bai |
Teorikoki bai, baina soldata taulen aplikazioan murrizketak onartu ondoren eta gobernuaren erabakiaren baitan. |
Enplegu eta birkokapenerako akordioa |
Bai. Enplegua mantendu eta langileak birkokatzeko patronalen konpromisoa. |
Bai. Enplegua mantendu eta langileak birkokatzeko patronalen konpromisoa. |
Patronalei eta Eusko Jaurlaritzari presioa |
Greba egunak, manifestazioak, mobilizazioak. Akordio loteslea eta bete ezean bide judiziala eta mobilizazioa. |
Mobilizaziorik ez. Eusko Jaurlaritzaren murrizketak langileen bizkar jarraitzeko aukera |
Besteak |
|
Askatasun sindikala eta Negoziazio Kolektibo eskubidearen urraketa (EAEko Auzitegi Nagusiaren epai irmoa) |