Hezkuntza publikoa
Grebak bere horretan mantenduko dira Jaurlaritzak ez duelako urratsik egin negoziazio mahaian

Hezkuntza Sailak greba bezperan deitu du negoziazio mahaia, alegia, martxoaren 24an. Eta berriz ere, kexu dira sindikatuak, eskaerei erantzun serio bat ematen ez dion proposamen batekin joan Jaurlaritza hitzordura. Atzokoa, gainera, bereziki larria dela diote, goizeko ordu biak arte Hezkuntza Sailak ez zielako aurkeztu azken proposamena (eta hori ahoz izan zen). Gainera, kexu da ELA, grebaren deitzaile diren sindikatu batzuk “sailaren desaktibazio estrategian erortzeko zorian egon dira”.
Sindikatuak dio lau greba egun egin ondoren, eta bost greba egunen bezperan, greba dinamika zapuzteko saiakera berria egin duela Sailak. Martxoko grebak bertan behera uzteko eskatu die sindikatuei; gai nagusi gehienetan eduki eskasak ontzat emanez, eta beste gai batzuk bermerik gabeko hurrengo egunetarako negoziaketara atzeratzea proposatuz, “greba deialdirik gabe orain arte Jaurlaritzak proposatu ez dituen edukiak lortzeko aukerarik izango balitz bezala”.
ELAk ez du egiteko modu horretan sinisten eta salatu du Jaurlaritzaren jarrera zein grebaren deitzaile diren sindikatu batzuen “ahulezia”.
Hauek dira Jaurlaritzak egindako proposamenaren gabezia nagusiak:
- ✗ Ratioen jaitsiera: ez dago ratioen hobekuntzarako neurri bat bera ere.
- ✗ Burokrazioari aurre egiteko neurriak: neurri zehatzik ez, gaia aztertzeko batzorde baten eraketa proposatu dute: konpromiso eta eperik gabe.
- ✗ Baliabide gehikuntza: %1a baino urriagoa da proposatutako lanpostu gehikuntza. Proposamen horri, azken momentuko zehaztasunik gabeko planteamendua gehitu zaio ahoz (inolako bermerik ez).
- ✗ Soldata: %6ko soldata igoera hipotetiko batez hitz egin da, baina xehetasunik gabe eta 2028a bitarte. Indarraldia luzatuz erosahalmena berreskuratzea ekiditen da (KPIa inolaz ere bermatu gabe).
- ✗ Erretiroa: Ez dira murrizketak berrezarriko (primak eta Itzarri) eta errelebo kontratua Madrilen zain.
- ✗ Lanaldia: 23 orduko ikastetxeko permanentzian eta uztaileko hilabetearen izaeran okertze aukera irekitzen da.
- ✗ Enplegua: Behin-behinekotasun tasa erreala murrizteko edukirik ez da planteatu.
- ✗ Lan-osasuna: Neurri, epe eta konpromiso zehatzak falta dira.
Urtarrileko eta otsaileko grebei esker, Eusko Jaurlaritza mugiarazten ari dira hezkuntza publikoko irakasleak. Hori dela eta, azken hilabete hauetan urrats batzuk egin ditu Jaurlaritzak bere hasierako proposamenarekin alderatuta. Ez dira nahikoak halere, sindikatuaren esanetan.
Hauek dira azken proposamenak:
- Adinagatiko lanaldiaren murrizketa: murrizketak akumulatu eta erretiroa hartu aurretik gozatzeko aukera.
- Irakas-orduen murrizketa HH/LH-n: ordu bateko murrizketa 2025-2026 ikasturterako eta bi orduko 2026-2027 ikasturterako. (irakas-ertainetan murrizketa bermaturik ez).
- Ordezkoek udako kobraketa berreskuratzeko aukera (jadanik aurreko Hitzarmenean jasota zegoen eskubidea).
- Kontziliazio neurriak: zenbait hobekuntza lizentzia eta baimen, gurasotasun edota edoskitzean.
ELAk, berriz ere eskatu dio Hezkuntza Sailari eskaera nagusiei erantzuten dien proposamenak lantzea, grebak desaktibatzeko saiakerak alboratzea eta aldarrikatutako edukiak erdigunean jarriko dituen negoziaketari ekitea.
Aldi berean, irakasleak deitu ditu hurrengo egunetako grebak babestera eta mobilizazioetan parte hartzera.