GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK

Hamar greba egun gehiago hitzarmen berri bat aldarrikatzeko

2023/12/27
Grebak urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25ean eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20an izango dira. Aurrez egindako bederatzi greba egunei gehitzen zaizkie eta Lan Hitzarmenaren negoziaketa dute helburu.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek hamar greba egun gehiago deitu dituzte EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan. Helburua 2021eko abendutik iraungita dagoen Lan Hitzarmena berritzea da. Onartezina eta arduragabekeria da abenduko bost greba egunen ostean mahairik deitu gabe eta proposamenik egin gabe jarraitzea Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronal nagusiek. Sindikatuek urtarrila eta otsailerako beste hamar greba egun deitzea erabaki dute: Urtarrilaren 17, 18, 23, 24, eta 25erako eta Otsailaren 6,7,8, 19 eta 20rako, hain zuzen ere.

Langileek bederatzi greba egun egin dituzte jadanik, apirilaren 25ean lehena, urrian hiru greba egun eta abenduan bertan bost greba egun. Greba hauek langileen babes zabala izan dute, %65ekoa bataz beste. Azken hilabeteetako greba dinamika honek behartuta patronalen aldetik mugimenduak egon badira ere, ez da ez negoziaketa errealik egon ezta proposamenik mahai gaineratu ere. Patronalek azaroaren 27rako negoziazio mahaia deitu zuten arren, ez zuten proposamenik ekarri bertara.

Hezkuntza Sailak bilera batera deitu zituen sindikatuak abenduaren 5ean, baina aurrerapausorik gabe amaitu zen. Hezkuntza saila ez da edozein eragile eta badu zeresanik langile hauen lan baldintzen inguruan; beraz gatazka bideratzeko esku har dezala galdegiten diote sindikatuek.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere jomugan ditugu sindikatuek.

ALDARRIKAPEN NAGUSIAK