Haurreskolak Partzuergoan 113 lanpostu galdu dira, lan-kargak handitu eta lan-prekarietatea areagotu azken urteetan

2015/03/05
ELAk adin tarte honetarako benetako hezkuntza proiektua garatzeko premia azpimarratzen du, horretarako ezinbestekoak diren langile kopuru egoki eta baliabideak, matrikularen doakotasuna eta langileen egonkortasuna exijitzen ditu.

2014ko azaroan ELAk eginiko haurreskoletako matrikulazio azterketan azaltzen genuen 2012tik haurreskoletan matrikulaturiko haurretan eman den beherakada kezkagarria, %20 matrikulazio beherakada, alegia. Beherakada honen arrazoi nagusia Eusko Jaurlaritzaren eta Partzuergoaren haurreskoletako politika eta matrikularen kostua da. Izan ere, familia askok matrikularen kostuari aurre egiteko zailtasun nabariak dituzte (160€/haur 5 ordu, 208€/haur 8ordura arte), azken urteetan inposatzen ari zaizkigun eskubide laboral eta sozialen murrizketak areagoturiko zailtasunak.

Matrikulazioan eman den beherakada honen ondorioz, Haurreskola Partzuergoaren zuzendaritzak lanpostuak suntsitu eta langileak lanpostuz mugitzeko erabaki hartu du. Hain zuzen ere, 2012 eta 2014artean 113 langiletan murriztu da haurreskoletako plantilla, %8 alegia.

Murrizketa hauen pisu nagusia ordezkoen bizkar gainera joan da. Izan ere ordezkoen %41 lanik gabe geratu dira epe honetan. Honekin batera Lan Eskaintza Publiko arteko kontratudun langileak lekuz mugitu dituzte, haurreskolen eta langileen antolamendu eta lan-baldintzetan arazo nabarmenak sortuz.

Nabarmentzekoa da, bestalde, matrikulazio beherakada eta berrantolatzea aitzakia moduan harturik, bi haurreskola ixtera ere iritsi direla (El Pilar auzoko Almudena Cid eta Lakuako Txirrinbil, biak Gasteizen).

Lanpostu murrizketa honi haurreskoletan ematen den behin-behinekotasun izugarria gehitzen zaio.

Haurreskoletako plantillak egituratzen dituzten Lanpostu-Zerrendako lanpostuen %30a LEP (Lanpostu Eskaintza Publiko) arteko kontratua duten langileek osatzen dute. Eta behin-behinekoak diren LEP arteko kontratudun langile hauei ordezkapen kontratua dutenak gehitzen badizkiegu, haurreskoletako plantillaren %40tik gora behin-behinekoa dela ondoriozta daiteke.

Gainera azken urteetan behin-behinekotasunean eman den beherakada ez da langileen egoera egonkortu delako, ordezkoak zirenak kaleratuak izan direlako baizik. Zinez datu kezkagarri eta onartezina benetako hezkuntza proiektua eta kalitatea bermatu nahi bada.

Behin-behinekotasun egoera honek, hezitzaileei ez ezik, Haurreskolen Partzuergoko administrazio langileei ere eragiten die, 11 urtetan ez baitute Lan eskaintza Publiko deialdirik izan.

Egoera honi gehitzen zaio haurreskola bakoitzeko lanpostu egonkorrak finkatu eta antolatzea helburu duen Lanpostu-Zerrenda bat ez etortzea ikasturterako egonkortzat eman daitezkeen lanpostu errealekin (behin-betiko kontratudun langileak eta LEP arteko kontratudun langileak). 230 haurreskoletatik 62tan, haurreskolen %27an alegia, ikasturterako egonkortzat eman ditzakegun plantillak Lanpostu Zerrenda ofiziala baino handiagoak dira, eta 82 lanpostu Lanpostu-Zerrendetan azaleratu gabe geratzen dira. Egoera honek gardentasun oztopatzen du, kontrola zailtzen eta zuzendaritzari aldebakarreko erabaki eta mugimenduak egiteko aukerak handitzen dizkio.

Zuzendaritzaren irizpide arbitrarioen eta aldebakartasunaren adibide da haurreskola bakoitzari lanpostuak egokitzerako orduan haurreskolako hezitzaile-ratio irizpide ezberdinak erabiltzea. Ondorioz, inolako irizpide objetiborik gabe haurreskola batzuei hezitzaile-ratio irizpide batzuk aplikatzen zaizkie eta beste batzuei beste batzuk.

ELAren ustez lan-kargak arindu, hezkuntza proiektua bermatu eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, hezitzaile-ratio irizpide egoki eta bateratuak finkatu eta aplikatu behar zaizkie haurreskola guztiei. Honela gainera, zuzendaritzaren arbitraritatea eta aldebakartasuna kontrolatu eta ekidingo litzateke.

ELAk proposatzen dituen ratioak aplikatuz 80tik gora plaza eta lanpostu berri sortuko lirateke haurreskoletan.

ELAren ustez egoera honi buelta emateko ezinbestekoa da lanpostuak bermatu eta egonkortzea. Horretarako momentu honetan ezkutuan dauden lanpostuak Lanpostu-Zerrendara ager arazi behar dira, Lekualdatze-Lehiaketa garden eta justu bat egin eta egungo behin-behinekotasunari buelta emango dion Lan Eskaintza Publikoa deitzea. LEP arteko kontratua duten behin-behineko langileak eta ordezkoak finkatzeko helburuz gutxienez 300 lanpostuko eskaintza publikoa egin beharko litzateke.