Haurreskolak Partzuergoko langileen grebak jarraipen zabala izan du

2021/01/25
ELA, Steilas eta LAB sindikatuek Haurreskolak Partzuergoan deitutako greba egunak langileen babes zabala jaso du beste behin. 2020ko abenduan bezala, 2021. urte-hasiera honetan deituriko greba-deialdiarekin bat egin dute Haurreskolak Partzuergoko langileek. EAEko Lan Sailak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoek, eta Haurreskolak Partzuergoko gerentziak greba desitxuratzeko egindako ahaleginek ez dute langileen borroka geldiarazi eta % 65eko jarraipena izan du gaurko grebak.

Gainera, asko dira familiek eta hezkuntza-komunitateek helarazi diguten langileekiko eta haurreskolen proiektuarekiko atxikimendu-erakusketak.

Urtarrilaren 27an greba eta mobilizazio egun berria izango da; 11:30tan Lakuako atarian elkarretaratzea egingo da. Egoera konpondu ezean, otsailak 22, 23 eta 24 ere greba egunak izango dira. Hauek dira langileen eskaera garrantzitsuenak:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
  • Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
  • Aurrekontua handitzea.

ELAk azpimarratu nahi du, gainera, 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen duela. Horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen du.