Haurreskoletako langileak elkarretaratu dira Legebiltzarraren aurrean euskarazko murgiltze eredua arriskuan dagoela salatzeko

Proposamen honen arira, PP, EAJ eta UPyDk Haurreskoletan euskararen erabilerarekin batera gaztelaniaren erabilera ere bermatzea eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, eskualde bakoitzeko egoera soziolinguistikoaren eta gurasoen borondatearen baitan. PSEE-EE abstenitu egin zen eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen.
ELAk, beste hainbat sindikatu eta eragileekin batera, gogor kritikatu zuen erabakia. Izan ere sindikatuaren ustetan oso larria da Legebiltzarrak onarturiko proposamena, Euskal Herrian sufritzen dugun egoera diglosikoa eta euskararen normalizaziorako funtsezkoak diren hizkuntza eta hezkuntza politikak ez baitu aintzat hartzen.
Hezkuntza eta hizkuntza azterketek behin eta berriro agerian utzi duten moduan, hizkuntza gutxituen normalizaziorako eredu egokiena murgiltze eredua da, hau da euskarazko murgiltze eredua, alegia.
Orain arte hau izan da EAEko Haurreskoletan garatu den eredua eta bere hezkuntza esparruan euskararen normalizazioan aurrerapausoak ahalbideratu duena.
PP, EAJ eta UPyDk onarturiko proposamenak, eredu hau eta euskararen normalizazioa arriskuan jartzen dute, izan ere, gure hezkuntza sisteman nahiz hizkuntza politikan, euskararekiko diskriminazio positiborik egiten ez badugu sekula ez du euskarak aurrerapausorik egingo ezta normalizaziorik lortuko ere.
Hau guztia salatzeko, gaur Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egin dugu Haurreskoletako langileak eta beste hainbat hezkuntza eragilek "Euskararen normalizazio bidean, Haurreskolak euskaraz" lelopean, alderdi politikoei orain astebeteko erabakia zuzen dezatela eskatuz eta Eusko Jaurlaritzari proposamena abian jar ez dezan eskatuz.