Patronalek ez dute akordiorik nahi itunpeko irakaskuntzako Gizarte Ekimeneko ikastetxetan

2018/01/24
Gizarte Ekimeneko itunpeko irakaskuntzako ikastetxeetan hitzarmen berriaren negoziaketa prozesua 2010eko maiatzean hasi zen; mahaiko bilerak 35etik gora izan dira eta sindikatu guztiok plataforma bateratua sortzeko prest agertu ginen akordioa bermatze aldera. Ahalegina handia izan bada ere, erantzun bakarra eta desegokia jaso dugu sindikatuok bueltan: auditoretza bat; errealitatearekin bat ez datorrena, datu lerratu eta ez oso egiatiekin egindako auditoretza bat, hain zuzen ere. Hori guztia ikusi ondoren, zaila da sinestea Kristau Eskolak eta gainerako patronalek inoiz izan dutenik benetako negoziazio bat egiteko asmorik, edo hitzarmen berri bat sinatzeko intentziorik ere Gizarte Ekimeneko itunpeko irakaskuntzako ikastetxeetan. Hori dela eta, negoziazio mahaitik altxatzea beste aukerarik ez digute utzi.

Fedea galdu dugu hitzarmena negoziatzeko mahaian. Eta horregatik jaiki gara negoziazio-mahaitik. Kristau Eskolaren eta gainerako patronalen jarrera tematiagatik hartu behar izan dugu erabaki gogor hori. “Bi ez dira haserretzen, haietako batek nahi ez badu” esan ohi da, eta antzeko zerbait gertatzen da negoziazio-mahaian ere: bik ez dute negoziatzen, batek nahi ez badu. Patronalaren proposamenak ez dira ezertxo ere mugitu udaren aurretik hona, eta ordura arte ez ziren ezta makurtu ere egin proposamen bat egitera. Guk, ordea, hasierako plataforma beheratuz joan gara, eta azkenean sindikatu guztiok bilduko zituen plataforma bat adosteraino ere heldu gara.

Baina alferrik izan da hori ere. Baterako plataformari emandako erantzuna auditoretza bat izan da, informazio lerratuetan eta datu osatu gabeetan oinarritua. Argi dago, beraz, gogo handirik ez dutela akordioak egiteko. Eusko Jaurlaritzaren iturrien arabera ziurtzat jotzen zen %1eko soldata-igoera. Bada, hori ere ez dute oraindik jarri mahai gainean. Ikastetxeetako zuzendaritzetara bidalitako azken “panfleto-proposamen-auditoretza”n jasotzen den gauza bakarra %1eko “balizko” igoera da, baina gauza jakina da 2017 osorako soldata-taulak itundurik dauzkatela Eusko Jaurlaritzarekin. Azken bileran ez ziguten egin proposamen berririk, dokumentu bat aurkeztu ziguten, besterik ez, ikastetxe-zuzendaritzek aitzakia gisa erabili dezaten langileen aurrean.

Fedea galdu dugu KEn eta gainerako patronaletan. Izan ere, hasieratik gogoan izan dutena prozesua luzatzea izan da, sektorean gatazka-girorik ez izateko. Agian guk gehiegi itxaron dugu, zerbait eskainiko zutelakoan, batez ere, kidego prekarizatuenentzat (haur-hezkuntza I eta EAE), edo lanaldiari edo eroste-ahalmena berreskuratzeari dagokienez. Baina ez da horrela izan. Beren proposamenetan beti agertzen dira honelako leloak: “eskubide hori Eusko Jaurlaritzari helarazteko konpromisoa”, “KEk hitz ematen du Hezkuntza Sailarekin negoziatuko duela” edo “atal hori finantzatzeko beharra Eusko Jaurlaritzari igorriko diogu”. Konpromiso ugari, baina emaitza nabaririk ez.

Baina ez dugu fedea galdu gure langileengan. Haien indarraz eta antolakuntzaz irauliko da egoera hau. Lehengo batean frogatu genuen zer egin dezakegun, eta orain errepikatu behar dugu. Otsailaren 22an manifestazio bat egin behar dugu Bilbon probintzia guztietako langileekin batera. Eta elkarretaratzeak ikastetxeetan, auzuneetan... eta Aste Santua baino lehen greba-egun bat. Ikasturtea amaitu baino lehenago egin beharreko mobilizazioak garaiz iragarriko dizkizuegu arian-arian.