Heziberri 2020 LOMCE ezartzeko tresna bihurtu du Eusko Jaurlaritzak

2014/11/24
Heziberri 2020ren baitako curriculum dekretu zirriborroek argi uzten dute Eusko Jaurlaritzak men egiten diola Werten hezkuntza erreformari. ELAk Urkullu lehendakariari eta Uriarte Sailburuari eskatzen die, Heziberri 2020ren curriculum dekretu hauek erretira ditzatela edo goitik behera alda ditzatela.

ELAk sakon aztertu ditu urriaren 27an Hezkuntza Sailak aurkezturiko Heziberri 2020 curriculum dekretu zirriborroak. Ondorioa ordea ezin zitekeen okerragoa izan: Orain arte salatu dugun moduan Eusko Jaurlaritzak argi utzi du Wert ministroaren hezkuntza erreformari modu eraginkorrean aurre ez egiteaz gain, men egiten diola LOMCEri eta Heziberri 2020ren baitan ezarri egingo duela gure ikastetxeetan.

Ia mila orritako dokumentazioaren zatirik handienak, puntu batzutan eztabaidagarria izan badaiteke ere, proposamen pedagogiko interesgarri bat azaltzen du, konpetentzietan oinarrituriko pedagogia eta curriculuma garatuz. Hori horrela izanik ere, dekretu zirriborroek argi uzten dute LOMCEk hezkuntza sistema osoa zentralizatu eta kontrolatu eta edukia nahiz pedagogia bera kontrolatzeko ezartzen dituen tresna guztiak onartzen dituela Eusko Jaurlaritzak.

Hezkuntza Sailaren curriculum zirriborroek LOMCEk aurreikusten dituen “errebalidak” eta hezkuntza erreforman ezartzen diren ebaluazio irizpideak bere egiten dituzte eta ondorioz euskal hezkuntza sistemaren, curriculumaren eta pedagogiaren eta edukien gaineko erabateko kontrola espainiar estatuaren esku uzten dute. Honen baitan, konpetentzietan oinarrituriko pedagogia eta curriculuma proposatzeak bere zentzu osoa galtzen du, izan ere LOMCEk ezartzen duen estatuaren kontrolpeko ebaluazio sistemak ezerezean uzten baitituzte horrelako planteamenduak.

Hizkuntzen trataera dagokionez ere, curriculumak euskara ardatz izango duen sistema eleaniztuna proposatzen duen arren, LOMCEk ezartzen duen muga bere eginez, egungo hizkuntza ereduen sistema (A,B,D) berresten du. Jakina da hizkuntza ereduen sistemak ez duela ikasleen euskalduntzea lortzen eta LOMCEk espreski debekatu eta mugatzen dituen norantzan pauso berriak emateko premia dagoela, euskarazko murgiltze ereduak oinarri hartuta.

Erreformak egiten duen ikasle segregazioa ere onartu egiten du jaurlaritzak. Honela, DBHko 3. mailan ikasleak beraien heziketa ibilbidea erabakitzera behartuak egongo dira eta 4. DBHn Batxillergora edo Lanbide Heziketara bideratuko dira. Honela, LOMCEren bide bera jarraituz, garapen pertsonala, heziketa integrala eta berdintasuna mugatzen du “lehen” mailako eta “bigarren” mailako ikasleak sortzeko arriskua areagotuz derrigorrezko oinarrizko hezkuntzan.

Hezkuntza premia bereziak edo eskola ibilbide bereziak behar dituzten ikasleak ere ez dute beharko luketen eskola ibilbidea eta arreta izango. Hezkuntza Sailak berak adierazi duen moduan behin LOMCEren egitura onartuz gero dibertsifikazio curricularrak ez baitu zentzurik eta ikasle guztiak DBH 4ko “errebalida” gainditzera prestatu behar baitira. Laguntza eta indatzeak beraz garapen pertsonal eta heziketa integralera baino azterketa gainditzera bideratuko dira, aniztasunaren trataera erabat desitxuratuz.

Irakasle-taldeak egonkortu eta ikasleen hezkuntza ibilbidean ahalik eta talde egonkorrenak bermatzeaz ere hitz egiten du dekretu zirriborroak. Hau bermatzeko neurriak ordea ez dira inola ere zehazten. Are larriagoa, irakaskuntza publikoko langileen artean %30 inguruko behin-behinekotasuna egonik eta jaurlaritzaren azken EPE deialdiek egoera hau nabarmen okertuko dutenean.

Ikastetxeek beharrezko baliabide ekonomiko eta materialak izan eta kudeatzeko ahalmenaz hitz egiten da, baina hori nola bermatuko den ez da inola ere zehazten. Zehatapen gabezi are larriagoa azken urteetan ikastetxeetan baliabideetan ematen ari diren murrizketa handiak kontutan izanda. Gainera baliabide gehiago emateko aukera ikastetxeek aurkezten dituzten proiektuetara lotzen da.

Modu berean, erreformari jarraituz, ikastetxeek bere proiektuak garatzeko perfil profesional jakinak eskatzeko aukera zabaltzen da eta honen baitan lanpostuak moldatzekoa. Honek hankaz gora jar dezake orain arteko lanpostu esleipena eta modu arbitrarioan erabiltzeko arriskuan.

Edukiei dagokionez, Heziberri 2020ek LOMCEren curriculum dekretuak (RD 126/2014) espreski bere egiten ditu eta honen baitan bere curriculum dekretu zirriborroetan txertatzen ditu. Hala nola, Espainiar Konstituzioaren garrantzia, Monarkia edota egungo banaketa administratibo-politikoa bere egiten ditu. Honekin batera, ELArentzat oso larria den eta LOMCEn nagusitzen den ikuspegi neoliberal-merkantilista ere erabat presente dago dekretu zirriborroetan. Lehen Hezkuntzaren 2. zikloan jada enpleagarritasuna, enpresen garrantzia edota finantza mundua lantzen baitira, eta Bigarren Hezkuntzan eredu neoliberaleko enpresagintzak arlo oso bat betetzen du, geografia eta historia edo filosofiaren pare.

Eta azkenik, erlijio ikasgaiaren inguruan, berriro ere LOMCEri jarraipen zehatza eginez, dekretu zirriborroek orain arte EAEn ikasgai honen inguruan eman diren pausoak hankaz gora jarri eta, Estatu espainiarrak eta Vaticanoak adosturiko akordioei erreferentzia zuzena eginez, eliz hierarkiaren esku uzten dute erlijio ikasgaiaren curriculum osoa.

ELArentzat onartezinak dira Heziberri 2020ren baitan proposatzen diren curriculum dekretu zirriborro hauek. Izan ere, hezkuntza erreformak ezartzen dituen eraso eta kontrol neurriei aurre ez egiteaz gain bere egiten baitituzte. Honela Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 LOMCEk berarekin dakartzan atzerapauso pedagogiko, eduki ideologiko, ikuspegi merkantilista eta espainiar estatuaren euskal hezkuntza sistemarekiko menpekotasuna ezartzeko tresna bihurtu du.

Honen guztiaren baitan, ELAk Urkullu lehendakariari eta Uriarte Sailburuari eskatzen die, Heziberri 2020ren curriculum dekretu hauek erretira ditzatela edo goitik behera alda ditzatela, hezkuntza komunitatearen eta euskal jendartearen eskakizunei erantzun diezaietela eta LOMCEri modu eraginkorrean aurre egiteko eta gure hezkuntza sistema modu alternatiboan garatzeko apustu garbia egin dezala.