Hezkuntza Sailak Heziberri 2020ren curriculum dekretuak aurkeztu ditu LOMCE izango ez balitz moduan
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak gaur goizean aurkeztu digu hezkuntzako hainbat eragileri Heziberri 2020 egitasmoaren barruan aurreikusten dituen hezkuntza curriculum dekretuak.
Prozedurari dagokionez, ELAri onartezina egiten zaio EAEko hezkuntzaren curriculuma egituratzeko asmoa duten dekretu zirriborro hauen orain arteko lanketa prozesuan sindikatuoi inolako parte hartzerik eman ez izan eta behin zirriborroak egin ondoren soilik aurkeztea, langileen ordezkari, hezkuntza eragile eta eragile sozial garenoi. Honek asko esaten du Eusko Jaurlaritzak sindikatuon parte-hartze eta funtzioaren inguruan duen iritziarekiko eta bere gustukoak ez diren kritikak kudeatzeko duen moduarekiko.
Bestalde, sindikatuari harrigarria gertatzen zaio gaurko aurkezpenean LOMCEk berarekin dituen eraso eta kontrol neurriei nagusienei aurre egiteko moduak aipatu ere ez egitea. Are gehiago, jaurlaritzak eraso eta kontrol neurri hauek onartutzat ematea eta era berean hauek izango ez balira moduan itxuraz LOMCEren kontrako norabidean doazen dekretu zirriborroak aurkeztea.
Hezkuntza Sailak ongi daki Werten hezkuntza erreformak, aurre egin ezean, euskal hezkuntza sistemaren, curriculumaren eta pedagogiaren gaineko erabateko kontrola ezartzen duela, modu berezian, edukiak eta ebaluazioa espainiar estatuaren esku dauden “errebalida” edo azken azterketa zentralizatuen bidez. Horregatik, ELAri sinesgaitza egiten zaio, kontrol mekanismo hauei aurre nola egingo dien azaldu gabe, are okerrago onartuta, LOMCE izango ez balitz moduan eta hezkuntza konpetentzia guztiak bere osotasunean garatzen arituko balitz moduan hezkuntza curriculum dekretuak azaltzea. Jarrera hau bereziki larria da, izan ere, horrek praktikan, erreformari eta honek suposatzen duen atzerapauso pedagogiko, ikuspegi merkantilista, eduki ideologikoa eta euskal hezkuntza sistemaren gaineko ia erabateko kontrola espainiar estatuaren menpe egoteari men egiten dio.
ELAk Urkullu lehendakariari eta Uriarte Sailburuari eskatzen die, hezkuntza komunitatearen eta euskal jendartearen eskakizunei erantzun diezaietela eta LOMCEri modu eraginkorrean aurre egiteko eta gure hezkuntza sistema modu alternatiboan garatzeko apustu garbia egin dezala.