Heziberri LOMCEren neurrira eginiko jantzia da

Hezkuntza Sailak aurrez aurkezturiko zirriborroak moldatu baditu ere eta curriculum dekretuetatik LOMCEren erreferentzia zuzenak kentzen ahalegindu bada ere, Werten erreformaren oinarrizko elementuak bere egiten ditu.
Dekretu zirriborroek argi uzten dute LOMCEk hezkuntza sistema osoa zentralizatu eta kontrolatu eta edukia nahiz pedagogia bera kontrolatzeko ezartzen dituen tresna guztiei bide ematen diela Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, espreski aipatzen da “arlo edo ikasgai bakoitzeko oinarrizko konpetentziak, bere osagaiak, helburuak, edukiak, ebaluazio-irizpideak eta lorpen-adierazleak oinarrizko arautegiaren baitakoak” izango direla.
Hau honela eta LOMCE lege organikoa dela kontutan izanik, Hezkuntza Sailak bertan agertzen diren erasoei aurre egiten ez dien heinean edo bestelako bide argi bat planteatzen ez duen heinean erreforma bere oinarrizko elementuetan ezartzeko bidea irekitzen du.
Curriculum zirriborroek LOMCEk aurreikusten dituen “errebalidak” eta hezkuntza erreforman ezartzen diren ebaluazio irizpideak bere egiten dituzte eta ondorioz euskal hezkuntza sistemaren, curriculumaren eta pedagogiaren eta edukien gaineko erabateko kontrola espainiar estatuaren esku uzten dute. Honen baitan, curriculum dekretuen gehigarrietan egiten den bezala, konpetentzietan oinarrituriko pedagogia eta curriculuma proposatzeak bere zentzu osoa galtzen du, izan ere LOMCEk ezartzen duen estatuaren kontrolpeko ebaluazio sistemak ezerezean uzten baitituzte horrelako planteamenduak.
Honela, curriculuma ez da osatzen euskal nortasuna eta kultura oinarri eta ardatz harturik, espainiar estatuak ezarritako curriculumaren osagarri moduan baizik.
Hizkuntzen trataera dagokionez, curriculumak euskara ardatz izango duen sistema eleaniztuna proposatzen duen arren, LOMCEk ezartzen duen muga bere eginez, egungo hizkuntza ereduen sistema (A,B,D) berresten du. Jakina da hizkuntza ereduen sistemak ez duela ikasleen euskalduntzea lortzen eta LOMCEk espreski debekatu eta mugatzen dituen norantzan pauso berriak emateko premia dagoela, euskarazko murgiltze ereduak oinarri hartuta.
LOMCEk oinarri duen irakaskuntzaren ikuspegi neoliberal-merkantilista ere, hein handi batean curriculumean txertatua dago. Lehen Hezkuntzan bertan enpresagintza eta finantza mundua espreski lantzen dira eta Bigarren Hezkuntzan eredu neoliberaleko enpresagintzak arlo oso bat betetzen du, biologia, geologia, fisika, kimika edota filosofiaren pare.
Erreformak egiten duen ikasle segregazioa ere onartu egiten du jaurlaritzak. Honela, DBHko 3. mailan ikasleak beraien heziketa ibilbidea erabakitzera behartuak egongo dira eta 4. DBHn Batxillergora edo Lanbide Heziketara bideratuko dira. Honela, LOMCEren bide bera jarraituz, garapen pertsonala, heziketa integrala eta berdintasuna mugatzen du “lehen” mailako eta “bigarren” mailako ikasleak sortzeko arriskua areagotuz derrigorrezko oinarrizko hezkuntzan.
Hezkuntza premia bereziak edo eskola ibilbide bereziak behar dituzten ikasleak ere ez dute beharko luketen eskola ibilbidea eta arreta izango. Hezkuntza Sailak berak adierazi duen moduan behin LOMCEren egitura onartuz gero dibertsifikazio curricularrak ez baitu zentzurik eta ikasle guztiak DBH 4ko “errebalida” gainditzera prestatu behar baitira. Laguntza eta indartzeak beraz garapen pertsonal eta heziketa integralera baino azterketa gainditzera bideratuko dira, aniztasunaren trataera erabat desitxuratuz.
Irakasle-taldeak egonkortu eta ikasleen hezkuntza ibilbidean ahalik eta talde egonkorrenak bermatzeaz ere hitz egiten du dekretu zirriborroak. Hau bermatzeko neurriak ordea ez dira inola ere zehazten. Are larriagoa, irakaskuntza publikoko langileen artean %30 inguruko behin-behinekotasuna egonik eta jaurlaritzaren azken EPE deialdiek egoera hau nabarmen okertuko dutenean.
Ikastetxeek beharrezko baliabide ekonomiko eta materialak izan eta kudeatzeko ahalmenaz hitz egiten da, baina hori nola bermatuko den ez da inola ere zehazten. Zehatapen gabezi are larriagoa azken urteetan ikastetxeetan baliabideetan ematen ari diren murrizketa handiak kontutan izanda. Gainera baliabide gehiago emateko aukera ikastetxeek aurkezten dituzten proiektuetara lotzen da.
Hau honela, beste behin ere, ELArentzat onartezinak dira Heziberri 2020ren baitan proposatzen diren curriculum dekretu hauek. Izan ere, hezkuntza erreformak ezartzen dituen eraso eta kontrol neurriei aurre ez egiteaz gain aplikatzeko bide ematen baitiete. Honela Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 LOMCEren neurrira eginiko jantzi bihurtu du, erreformak berarekin dakartzan atzerapauso pedagogiko, eduki ideologiko eta ikuspegi merkantilistari leku eginez eta, beste behin ere, euskal hezkuntza sistema espainiar gobernuaren menpe jarriz.
Honen guztiaren baitan, ELAk Urkullu lehendakariari eta Uriarte Sailburuari eskatzen die Heziberri 2020ren curriculum dekretu hauek erretira ditzatela, hezkuntza komunitatearen eta euskal jendartearen eskakizunei erantzun diezaietela eta LOMCEri modu eraginkorrean aurre egiteko eta gure hezkuntza sistema modu alternatiboan garatzeko aliantzak egin ditzatela hezkuntza eragileekin.