Heziketa Berezia eta irakasle laboralen elkarretaratzea Lakuan

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuen esanetan sektoreak duen berezitasuna, ordea, daramatzaten hamar urteko borrokan datza. Lan-legepeko irakasle eta hezitzaileen sektoreko azken hitzarmena 2003koa da eta hortik hona Administrazioak, gobernu ezberdinen administrazioak, gogoratu dira, soilik, murrizketak, bata bestearen atzetik, aplikatzeko orduan: soldaten jaitsiera (%5, 2010ean), soldaten izozketak (2010ean eta 2011n), baja egoeran soldata murriztu, erretiro aurreratuen lan-sariak kendu (2012an), 2012ko 14. paga kendu, langileoi negoziatzeko indarra kentzeko lan erreforma aldatu...
"Horretarako bai, hartzen gaituzte kontuan, gure eguneroko lanean ditugun arazoak konpontzeko, aldiz, ez dute ezta saiakerarik egiten. Beraz, aurrean daukagun panorama hauxe da: lanean ditugun arazoak, administrazioak aurkezten duen borondate ezagatik, ez dira konpontzen eta lan-baldintzak, ordea, okertzen doaz. Honen ondorioz, gure sektoreko langileen lan zama gero eta handiagoa da, ordutegia gero eta estuagoa, funtzioak modu egokian betetzea askoz zailagoa... eta, egoera horren ondorioz, kaltetuenak, hau argi izan behar dugu guztiok, ikasleak dira. Sektore honetan aplikatutako murrizketek ikasleen arretarako baliabideen gutxitzea ekarri baitute (2006tik hona aurrekontuen izenean, lanpostu berririk ez sortzeko politikak aplikatu dituzte eta)".
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek "administrazioari 2011n sinatu genuen aurreakordioaren haritik negoziazioak irekitzea eta gure sektorean murrizketak ez aplikatzea exijitzen diogu eta eskatua dugun lehenengo negoziazio mahaian, Hezkuntza Sailak bi baldintza bete beharko ditu negoziazioan aurrera jarraitu ahal izateko":
-
ULTRAKTIBITATEA mantentzea. Uztailaren 7an lan-hitzarmen berria sinatu ez badugu ere indarrean dagoena mantentzea beste bat sinatu bitartean.
-
EGONKORTASUNA. Gaur egun ditugun langileak eta lanaldia mantentzea.
Bi baldintza hauek bete ezkero, Lan-hitzarmen berri bat lotze bidean gure OINARRIZKO ESKAKIZUNAK zera dira:
-
2011an adostu genuen AURREAKORDIOAren garapena.
-
Gure sektorean ere MURRIZKETARIK ez aplikatzea
-
Galdutako eros ahalmenaren berreskuraketa