Heziketa bereziko langileen behin-behinekotasuna betikotzen du Jaurlaritzaren kontsolidazio prozesuetarako proposamenarekin
Lan Eskaintza Publikoari dagokionez, ELAk hasiera-hasieratik prozesu bermatzaile baten beharra helarazi dio Hezkuntza Sailari. Horretarako, bi elementu bete behar dira:, lanpostu estruktural denak prozesura eramatea, eta merituetan ikastetxe publikoetan lortutako esperientzia elementu erabakiorra izatea. Atzoko bileran, ordea, helburu horretatik urrun gaudela egiaztatu genuen. Plaza kopuruei begira, Hezkuntza sailak 520 plaza prozesura eramateko proposamena luzatu zion sindikatuari, behin-behinekotasun tasa %6ra txikituko delakoan. Datu hori, baina, ez da zuzena: datu hori jardunaldi osoko plazak bakarrik kontuan hartuta eta partzialak kanpoan utzita lortzen baita. Plaza denak kontuan hartuz gero, behin-behinekotasun tasa oso handia izaten jarraitzen du.
Momentu honetan, partzialak diren plazak prozesuan ez sartzeko eta horren inguruan hausnarketarik ez egitea erabaki du Sailak. ELAren ustez, badira aukerak plaza horiek jardunaldi oso bihurtzeko. Ordutegia luzatuz, beharrak identifikatuz edota ratioen egokitzapena eginez, esaterako. Baina borondate politiko falta dago egoeraren diagnostiko bat egiteko. Egiazko kontsolidazio prozesu bat burutu nahi bada, plaza estruktural guztiak prozesuan egon beharko lukete. Ekainaren 1ean deituko diren plaza kopurua ahalik eta handiena izateko indarra egiteko ordua iritsi da. Bestetik, prozesuan kontuan hartuko diren merituetan ez dira bestelako aurrepausurik eman, eta oinarriak definitu gabe jarraitzen dute.
Ordezkaguneari dagokionez, araudia finkatuta gelditu da eta printzipioz, maiatzean hasiko da martxan plataforma. ELAk ekarpenak egin ditu prozesuan zehar heziketa bereziko kolektiboak dituen berezitasunak isladtzeko, plataformaren inplementazioa eskubide galerarik gabe izateko. Baina kolektiboaren arazoak baliabide faltan kokatzen ditu ELAk. Delegaritzetan ez dira behar beste baliabide jartzen heziketa bereziko langileak ordezkatzeko, eta horrek langileengan zama astuna suposatzen du. Gainera, Hezkuntza Sailak sindikatuekin lortutako akordio itxura eman dio, jakinda sindikatuon sinadurarik behar ez duela aurrera egiteko.
Hortaz, nahiz eta modu positiboan baloratu Ordezkaguneren aplikazioa, ELA ez da egongo irudikatu nahi den adostasun horretan. Kurtso hasieratik gabiltza egoera hori salatzen, eta Hezkuntzatik ez dira inolako baliabiderik jarri.
Hurrengo bi hilabetetan asko dugu jokoan sektorean, batez ere, meritu lehiaketara irtengo diren plaza kopuruak definituko direlako. ELA sindikatuak helburuak oso argi ditu: kontsolidazio prozesu erreal eta bermatzaileak adostu, behin-behinekotasunarekin bukatzeko.