Heziketa Bereziko langileon egoeraren salaketa eta mobilizazioekin jarraitzen dugu

2014/06/04
LAB intersindikala bertan-behera uzten saiatu den arren, gainontzeko sindikatuek mobilizazioekin jarraitzen dugu

Aurrez erabaki moduan, 2014-ko maiatzaren 14an, ELA, STEE EILAS eta CCOOek intersindakala burutu genuen (UGTk ezin izan zuen etorri). LABek, ELAk ikastoletan sartu duen demanda aitzakia hartuta, intersindikalean bere partaidetza bertan-behera gelditzen dela adierazi zuen. Intersindikala bera ere eteten ahalegindu bazen ere gainerako sindikatuok aurrera jarraitzea erabaki genuen, eta Heziketa Berezian lan egiten dugun langilegoaren lan baldintzak eta lan hitzarmen eza dela eta elkarrekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dugu.

Dagoeneko beste bi mobilizazio hitzartu ditu. Bata Araban (Berritzegunearen kanpoaldean ekaineko langile finkoen esleipenean) eta bestea Abuztuan Eibarren burutzen den esleipenean. Bietan elkarretaratze bat burutuko dugu, informazioa zabaldu, gure egoera salatu eta konponbidea exijitu. Ikasturte haseran ere zer egin hitzegiten hasiak gara. Informatuko zaituztegu mobilizazio hauetan zuek ere parte har dezazuen.

LABek sindikatuen arteko batasuna hausteak sektoreko langileei kalte egiten dio

LABek jakin arazi digu beste sektore batean -Ikastoletan- gertatutakoaren ondorioz, bertan behera uzten duela sektore honetako intersindikala.

11 urte daramagu sektore honetan lan hitzarmena berritu gabe. Irakurketa, estrategia eta proposamen ezberdinak izan arren sindikatu guztien artean ahalegin bat egiten ari gara egoera hau salatu eta erantzun bateratu bat eman nahian, eta horregatik ez dugu ulertzen beste sektore batean -ikastoletan- gertatutakoaren ondorioz, gure sektoreko sindikatuen arteko elkarlana apurtu nahi izatea. LABek elkarlan honetatik irteteko erabaki hartu izanak kalte egiten die gure aldarrikapenei eta indarrari, baina ELA eta gainerako sindikatuak ez gaude prest elkarrekin burutzen ari garen salaketa eta mobilizazio dinamika alde batera uzteko LAB harturiko erabaki honegatik.

Gogoratu behar dizuegu, ELAk Partaidek eta LABek ikastoletan 2013ko Abenduan sinatu zuten akordioa gogor kritikatu eta epaitegietan salatu zuela ondorengo arrazoiengatik:

Akordioak,

  1. epaitegiek langileoi ematen diguten babesa desaktibatuz, aukera ematen die ikastoletako zuzendaritzei murrizketak aplikatzen jarraitzeko

  2. hitzarmenaren betetzea finantziazio publikoaren menpe jartzen du

  3. negoziazio kolektiboaren oinarrizko elementuak diren hauek erabakitzeko ahalmena ematen dio sinatzaile moduan LAB bakarrik dagoen Batzorde Parekideari eta ondorioz urratu egiten du askatasun sindikala eta negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea.

ELArentzat guztiz larriak dira bai akordioaren edukiak baita prozedura ere (irakur gure ikastoletako oharra), izan ere oinarrizko eskubideei eragiten baitiete (askatasun sindikala eta negoziazio kolektibo eskubidea), baina hala ere ez du intersindikalik eten edo mobilizazioak bultzatzeko edozein sektoretako elkarlanik eten. Larria eta onartezina iruditzen zaigu LABek aitzakia hau erabili izana sektore honetan ELAri eraso egiteko eta horretarako elkarlana hausten saiatzea.

Edozein kasutan gure aldarrikapen, borroka eta mobilizazioekin jarraitzea ezinbesteko zaigu.
Guztion artean lor dezakegu!