Heziketa Berezirako baliabide gehiagorik ez, asteko 37,5 orduko jardunaldiak eta 300 lanpostutik gora egonkortu gabe uzteko proposamena egin du Eusko Jaurlaritzak

2017/09/28
Jaurlaritzak ez du Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko irizpideak zabaltzeko asmorik agertu, asteko 37,5 jardunaldia proposatu du, ordezkoek udako oporrak kobratzeari uko egiten dio, jardunaldi partzialeko lanpostu prekarioak mantendu nahi ditu eta 2019an behin-behinekotasuna %38 izateko EPE proposamena egin du

Gaur burutu den Lan-legepeko Irakasle eta Heziketa Bereziko langileen negoziazio mahaian Jaurlaritzak ez die erantzun azken hilabete luzeetako mobilizazioetara eraman gaituzten behar eta aldarrikapenei.

Azken urteetan Eusko Jaurlaritzan Hezkuntza Behar Bereziak dituzten ikasleak izendatzeko irizpideak zorroztu egin ditu eta langileak eta baliabideak esleitzerako orduan irizpide murriztaileak erabili ditu. Ondorioz, hezitzaileen edo Heziketa Bereziko gainerako langileen laguntza esleitu zaien baina ikasle gehiagok dituzte hezkuntza behar bereziak. Honek Heziketa Bereziko langileen lan-kargak nabarmen handitzea eragin du, baita irakasleen lan-zama gehitzea eta ikasgelako jardueraren garapena zailtzea.

Bestalde, hezitzaile askok 37,5 ordu edo gehiagoko asteko jardunaldia dute eta beraien ez dagokien garraio funtzioa egin behar izaten dute. Ordezkoek urtean 165 egunetik gora lan egin arren, ez dute uda kobratzen. Lanpostuen %19 (162 lanpostu) lanaldi partzialekoak dira. Azken urteetan jardunaldi osoko lanpostu asko lanaldi partzialekoak bihurtu ditu jaurlaritzak aurrez aipaturiko irizpide murriztaileak erabiliz. Egoera honek guztiak prekarietatean gora egitea ekarri du. Inola ere kasualitatea ez den ia bere osotasunean emakumeez osaturiko sektore batean. Honi gehitzen zaizkio heziketa lan egin arren irakasleen kategoriarik baxuenak baino %20 gutxiago kobratzea (6.600€ gutxiagotik gora) edota gradudun lanpostuak gainerako hezkuntza publikoko gradudun lanpostuekiko homologaturik ez izatea.

Egoera honetan, gaurko mahaian Jaurlaritzak inola ere ez die gure aldarrikapenei erantzun. Izan ere, ez du Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko irizpideak zabaltzeko asmorik agertu, 35 ordutik gorako jarduna ez du mugatu nahi 37,5 orduko jardunak proposatuz, ordezkoek udako oporrak kobratzeari uko egiten dio eta jardunaldi partzialeko kontratu prekarioak mantendu nahi ditu. Behin-behinekotasuna murrizteko 2019ra bitarte 268 lanpostu EPE ateratzea proposatu du. Baina egun 565 langilek behin-behineko kontratua dutela kontuan izanik, proposamena legealdi amaieran behin-behinekotasuna %36an kokatuko luke kasurik hoberenean.

ELAk begi onez ikusi du gradudun 65 lanpostuen soldatak gainerako hezkuntza publikoko gradudun lanpostuekiko homologatzea onartu izana, baina onartezina iruditzen zaio benetako diru inbertsioa suposatzen duten 1.000 hezitzaileren soldata guztiz eskasen egoera aldatu nahi ez izatea.

Sindikatuen aldarrikapen izan diren eroste-ahalmenaren berreskuratzea (1%15, 20.00€tik gorako galera 2010 geroztik), bajak zigortzeari uztea edo erretirorako laguntzak berreskuratzea alde batera utzi ditu gobernuak.

ELArentzat inola ere ez da nahikoa Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen proposamena. Beraz, deiturik ditugun mobilizazioek are garrantzia handiagoa hartzen dute, Jaurlaritza proposamen nabarmen hobeak mahai gainean jartzera behartzeko.