Hezkuntza erreforma berria euskal erakundeen eskuduntzetan eskusartze berri bat da
Madrilgo gobernuak aurreratu duen hezkuntza erreforma berriak, DBHko 4.kurtsoa kenduz eta “Hiritartasunerako hezkuntza” ikasgaia “Heziketa zibiko eta konstituzionala”gatik aldatuz, ez dio euskal hezkuntza sistemak dituen beharrei erantzuten eta euskal administrazioen hezkuntza eskuduntzan eskusartze berri bat da.
Espainiako gobernu ezberdinek antzeko erreformak planteatzeko erabili ohi duten argudio nagusia eskola porrot tasa altua da, Europako bataz-bestekoaren oso gainetik, Lanbide Heziketaren garapen eskasa eta hezkuntza lan eta enpresa mundura gerturatzeko beharra. Euskal jendartearen hezkuntza premiak ordea espainiarretatik oso ezberdinak dira eta ondorioz zentzugabea da neurri berdinak aplikatu nahi izatea errealitate eta behar ezberdinei. Honez gainera, oso arriskutsua da hezkuntza lan eta enpresa munduaren baitan moldatzea.
Bestalde, onartezina da Madrilgo gobernuak modu sistematiko eta jarraian egiten duen moduan, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan duen erabateko eskuduntza oinarrizko lege eta araudien bidez behin eta berriro mugatu eta murriztea, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila Madrilgo Hezkuntza Ministerioaren sukurtsal bihurtuz.
“Hiritartasunerako hezkuntza” ikasgaia “Heziketa zibiko eta konstituzionala” bihurtzeak interes ideologikoei erantzuten die, eta curriculumean nola garatzen denaren zain, beldur gara PPri gustatzen ez zaizkion gizarte ikuspegiak ezabatzeko eta estatuan dauden ezberdintasun nazionalak berdintzeko ahalegin soila ez ote den. Azkenik, hau horrela bada, Euskal Herrian inola ere elkarbanatzen ez den interpretazio politiko eta araudi konstituzionala inposatzeko beste ahalegin onartezin baten aurrean geundeke.
Honen guztiaren inguruan deigarria gertatzen da Eusko Jaurlaritzak PPk proposaturiko erreforma honen edukietariko batzuk kritikatu izana, baina jaurlaritzak hezkuntza gaietan duen autonomiaren defentsa sendorik egin ez izana.
Honez gainera Celaá sailburua egoera honetaz baliatu da bere gobernua krisiaren erdian hezkuntza babesteko egiten ari den ahaleginaren inguruan eta EPErako deituko diren 556 lanpostuen inguruan propaganda egiteko. Propaganda honek ordea, Eusko Jaurlaritzak 2009tik hona hezkuntzarako aurrekontua ia 300 milioietan murriztu duela ezkutatu nahi du eta Mahai Orokorrean hezkuntzarako adosturiko lanpostuetatik 3.029 deitu gabe utzi dituela. Sailburuak aitzakia moduan PPren gobernuak plaza gehiago deitzeko bere borondatea mugatu nahi duela ezartzen du, baina hezkuntzarako adosturik zeuden 5.100 lanpostuak deitzeko eduki dituen hiru urteetan 2.071 plaza besterik ez dituela deitu ezkutatzen du.
Honegatik guztiagatik, ELAk Madrilgo gobernuari euskal eskuduntzak ez inbaditzea exijitzen dio. Eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio euskal erabakitze esparrua defenda dezala, adosturiko lanpostuak enplegu publiko eskaintzara atera ditzala eta EAEko hezkuntza eta bertako langileen baldintzak erasotzeri utzi eta hezkuntza inbertsioa indartu dezala.