Hezkuntza Legea: egungo sistema betikotzeko proposamena

2022/02/24
ELAk uste du hezkuntza sistema eraldatu, eta jomuga gisa sistema propio, publiko, anitza esta euskalduna hartu behar dela. Sindikatuak ekarpenak igorri dizkie Hezkuntza Sailari eta alderdi politikoei. Kexu da parte hartze faltarekin.

Euskal Hezkuntzaren Eraldaketarako Oinarrien txostenak ez ditu hezkuntza sistema propio, publiko, anitza, euskalduna eta kohesionatua lortzeko aldaketa zehatzik jasotzen. Hala adierazi dute gaur prentsaurrekoan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, eta Miren Zubizarreta sindikatuko Hezkuntzako arduradunak. Eta, beraz, egungo sistemaren gabeziak betikotzen ditu, aurrerabiderik proposatu gabe.

ELAk uste du hezkuntza sistemak eraldaketa sakona behar duela. Jomuga gisa sistema propio burujabea hartu behar da, publikoa eta anitza, egungo sare banaketa gainditu eta tokian tokiko errealitateei eta beharrei erantzungo diena, eskolen autonomiatik aniztasunari espazioa emateko gai izango dena, kohesioa landuko duena, eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea bermatuko duena, kudeaketa demokratiko eta saretuaren bidez, baliabide nahikoak izango dituena, euskara eta Euskal Herria ardatz dituena, doakoa, hezkuntzako langile guztien lan baldintza egokiekin kalitatezko eredua eskainiko duena. Hori jomuga izanik, ezinbestekoa izango da trantsizio eta eredu berri baterako urratsak zehaztea, egungo abiapuntua eta egoera kontuan hartuta.

Hori horrela izanik, ELAren ustez hona hemen proposamenean dauden zenbait hutsune eta horiei erantzuteko proposatutako neurrietako batzuk:

  • Legebiltzarrak orain arte ez du Hezkuntza Sistemaren diagnostikorik jaso, eta ez du argitu hezkuntza zein norabidetara bideratu nahi duen. ELAk arestian aipatutako jomuga nahi du norabidetzat.
  • Euskal Hezkuntzaren Eraldaketarako Oinarrietan Espainiako Kongresuaren inposaketa kurrikularra onartzen da. Euskal Herria ez da marko erreferentziala. ELAk proposatzen du eskuduntzen markoa eztabaidatzea eta marko kurrikular propioa eraikitzeko prozesua legean ezartzea.
  • Ez da finantzazio nahikorik bermatzen helburuak betetzeko, are gutxiago kalitatezko hezkuntza sistema lortzeko. ELAk 3 urteko epean Europako batez besteko inbertsiora iristeko proposamena helarazi du, BPGren %6rako ibilbidea egiten hasteko
  • Hezkuntza sistemako langileen lan baldintzei ez zaie erreparatzen eta estatuko araudia ontzat ematen da. ELAren ekarpenen artean daude kontsolidazio prozesu propioak hemen negoziatu eta diseinatzea, sareen arteko profesionalen homologazioa lantzea, azpikontratatutakoen zuzeneko kontratazioa, formakuntza, ratioen (jaiotze tasaren murrizketa hezkuntza kalitatea hobetzeko baliatu behar da) eta hautaketa sistemak berrikustea, besteak beste.
  • Segregazioarekin amaitzeko jarritako helburuak ez dira argiak. Zehaztasunak beharko dira arazoari aurre egiteko. Esaterako, kuota mota guztien desagerpena, finantza gardentasunerako mekanismoak, jardueren eta ekipamenduen kontrola eta sexuaren araberako segregazioaren ezabaketa. Baita matrikulazio bulego bakar bat osatzea ere, ikasleen arteko oreka bideratuko duena.
  • Sare banaketa betikotzen du. ELAren ustez, alde batetik, argitu behar da ‘programa kontratuen’ edukiak eta ondorioak. Bestetik, sare bateratua jomuga izanik, horretarako trantsizioa adostu behar da. Bide horretan, borondatea luketen eskolen publifikaziorako marko egonkorra ezarri behar da, langileen subrogazioa ziurtatuz.
  • Parte hartzea sustatzeko organoen eskuduntzak eta funtzionamendu arauak zehazteke daude. ELAren ustez, kohesiorako gutxieneko elementuak definitu behar ditu legeak, eta tokiko hezkuntza komunitateari baliabideak eman autonomiaz proiektu pedagogikoak garatzeko.
  • Proposamenak ez du haurren euskarazko jakintza bermatzen. ELAk murgiltze ereduaren alde egiten du.
  • Ez da hezkuntza sistemaren desmerkantilizaziorako urratsik ezartzen. ELAk proposatutako neurrien artean daude, esaterako, software librea garatzeko baliabideak eskaintzea.
  • Erlijioaren egungo estatusa ez da zalantzan jartzen. ELAk hezkuntza laikoaren alde egiten du.

ELAk alegazioak helarazi dizkie Hezkuntza Sailari eta Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea osatzen duten alderdi politikoei. Eta kexu da proposamenaren negoziazioa gizarte eragileen parte hartze errealik gabe egin delako.

ELAk bere diagnostikoa partekatuko du beste eragileekin, bereziki beste sindikatuekin; datozen hilabeteetan eztabaida errealik sortzen ez bada eta edukiak ez badira aldatzen, mobilizazioetarako deia egingo du.