EAE-KO HEZKUNTZA LEGEA

Hezkuntza Legeak gabezi berberak izaten jarraitzen du eta alderdiek ez dute onartu behar

2023/10/04
Hizkuntza ereduei buruz EAJk eta PSE-EEk adostutako emendakinak argi erakusten du Hezkuntza Lege honen izaera, artikulatua orokorkeriz beteta dago aldaketa esanguratsurik egon ez dadin eta bakoitzak nahi bezala interpretatu dezan. ELAren ustez alderdi politikoek ezin diote babesik eman lege honi, horregatik mobilizazioak eta grebak deitzen jarraituko du lege proiektu hau bertan behera gera dadin eta bestelako proiektu baten negoziaketari hasiera eman dakion.

ELAk hilabeteak daramatza salatzen Eusko Jaurlaritzak publiko egin dituen Hezkuntza Legearen zirriborro guztiek orokorkeriak besterik ez dituela jasotzen eta orokorkeria horien helburua egungo hezkuntza sistemaren muina betikotzea dela.

Hizkuntza ereduei buruzko eztabaidak oso argiro azaltzen du ELAk salatutakoa. Alderdi guztiek uko egin diote bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko aukera ematen duen hizkuntza eredua orokortzeari, hau da, euskarazko murgiltze eredua ezartzeari. Horren ordez, interpretazio oso ezberdinak dituen artikulatu bat adostu dute, besteak beste eskolek egungo hizkuntza ereduekin jarraitzeko aukera ematen duen artikulatua eta, are, D ereduan euskararen presentzia murriztu dezakeen ingelera eta gaztelaniaren alde. EAJk eta PSE-EEk adostutako emendakinak ez du artikulatuko koma bat bera ere aldatu, ereduei buruzko interpretazio bera egin zitekeen orain 48 ordu eta orain.

PSE-EEk euskara ez ezagutzeko eskubidea defendatzen du, gaztelaniaren inposaketa orokortua ontzat ematen duen bitartean. Onartezina da haurrek bi hizkuntza ofizialak ez ezagutzea abiapuntu gisa hartzea. PSE-EEk ez du ezjakintasuna onartzen matematika, historia edo gaztelaniaren ezagutzarako, zergatik inposatzen nahi du euskararen ezjakintasuna? Era berean, ELAren ustez onartezina da PSE-EEren inposaketa onartzea, are gehiago Pedro Sanchez presidente izateko alderdi abertzaleen botoak ezinbestekoak dituen testuinguru honetan.

Hezkuntza Lege honek ez du haurrak elebidunak izatea ahalbidetuko, ez dio bide emango Euskal Herrian adostutako curriculuma garatzeari, ez du trantsiziorik bideratuko eskola publiko burujabe baten bidean eta ez dio galgarik jarriko hezkuntza sistemaren merkantilizazioari.

Hezkuntza Legeak kalitatezko hezkuntza eskaintza bat izateko ezinbestekoak liratekeen lan-baldintza egokiak eta baliabide nahikoak jasotzeari ere uko egin dio, besteak beste horregatik deitu ditu ELAk grebak urriaren 24an hezkuntza publikoan edo 8 greba egun gizarte ekimeneko eskoletan. ELAren ustez mobilizazio hauek hezkuntzako esparru guztietan intentsifikatzeko garaia da, hori dela eta Ikastoletan ere sektore horretan nagusi den LAB sindikatuari helaraziko diogu grebetera jotzeko proposamena.

Bukatzeko, esandako guztiarengatik, ELAk Harro plataformak urriaren 29an deitutako manifestazioan parte hartuko duela iragartzen du.