Hezkuntza Ministeritzak eta Erkidego Autonomoek bekadun faltsuak erabiltzen dituzte
ELAk behin eta berriro eskatu dio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari Gizarte Asegurantzako Erregimen Orokorrean alta emateko pertsona hauei. Behin eta berriz, ukatu eta gero, ELAk salaketa jarri zuen Lan eta Gizarte Asegurantzako Ikuskaritzan. Salaketa honen harira da Iruñeko Sozialeko Bigarren auzitegiak sententzia ebatzi duela.
Sententzia Espainiar Estatuan lehena eta ELAk bezala ustezko bekak lan-legepeko kontratuak direla berresten du. Orain arte izandako ustezko beka hauen oinarriek hauxe dute komunean:
-
Programaren xedea atzerriko hizkuntzen trebezia indartzea eta horien ikaskuntza hobetzea da, batez ere ahozkoan.
-
Elkarrizketa laguntzaileek hizkuntzaren ikaskuntza bultzatu eta arlo soziokulturalak transmititzen laguntzen dute.
-
Elkarrizketa laguntzaileen lana irakasleak laguntzea da.
-
Laguntzaile hauek, irakatsi beharreko hizkuntza hitz egiten den herrialdekoak izan behar dute (ia beti ingelesa).
-
Beraien soldata 700 euro ingurukoa da, lan-jarduna astero 12 ordukoa eta "beka" honen iraupena zortzi hilabetekoa.
-
Bekaren "onuradunaren" lepo geratzen da jatorrizko herrialdetik hona etortzeko gastua.
-
Europar Batasunekoak direnek Europako Osasun Txartela eskatu behar dute eta Europatik kanpokoek osasun asistentzia edukitzeko aseguru pribatua kontratatu behar dute.
Epaileak bekak ez direla dio, izan ere, onura handiena ateratzen dutenak ikasleak dira eta ez elkarrizketa laguntzaileek (agian kolateralki). Gainera harremana lan-legepekoa dela dio: zerbitzu prestazio bat dago; borondatezkoa; ordainduta eta beste baten kontura egiten dena (Ministeritza edo Erkidegoak).
Beka izaera emanik administrazioek gizarte koitizazioei aurre egitea ekidin dute. Ondorioz, haien eskubideak urratu zaizkie: osasun prestazioa; negoziazio kolektiboa; sindikatuen ordezkaritza; langabezia eta pentsioa sortzeko eskubidea. Bereziki larria da, ELAren ustez, administrazioek legea baztertuta "bekak" ematea.
Sententziak Nafarroako Gobernuaren kontra egiten du baina Erkidego Guztiek eta Hezkuntza Ministeritzak berak elkarrizketa laguntzaile deialdi berdinak dituzte. ELAk langile hauei berehala haien eskubideak errespetatzeko exjitzen du. Legeak betetzea eta betearaztea administrazioei dagokie beste inor baino gehiagori.