Hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzearen aldeko mobilizazioak izan dira ELA, LAB eta STEILASek deituta

Hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzearen aldeko mobilizazioak egin dituzte gaur ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko ordezkaritzaren aurrean. "Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki" lelopean bildu dira sindikatuetako ordezkariak. Gaurkoa, ordea, ez da ekimen isolatua izan. Besteak beste, irailaren 29an salaketa eguna egingo dute, baita elkarretaratzeak ere zenbait ikastetxetan, betiere, Jaurlaritzak hezkuntzan eragindako murrizketak salatzeko asmoz.
Gogoratu, azken hilabetetan plazaratu moduan, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon ustez ondorengoak direla egungo egoerari irtenbidea ematen hasteko adostu beharrezko neurriak:
- Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).
- Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.
- Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
- Ikasle-ratioak %10 murriztea.
- Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.
- Ordezkapenak lehen egunetik egitea.
- Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
- Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
- LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
- Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
- Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
- Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.