EAE HEZKUNTZA
Hezkuntza publikoko greba zikloa erregistratu dute LAB, STEILAS, ELA eta CCOOek

Sindikatuek Bilbon, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, erregistratu dute Hezkuntza publikoan aritzen diren Sukalde eta Garbiketako, Haurreskolak Partzuergoko langile zein Irakasleen greba dinamika.
EAEko Hezkuntza Sailari exijitu diote hezkuntza publikoa indartu eta inbertsioa publikoa handitu dezan, langileon lan-baldintzak hobetu eta eskola publikoa erdigunean jarri dezan. Izan ere, arestian aipatutako kolektiboetako lan hitzarmenak iraungita daude, hezkuntza sail berria izanik ere aldebakarrez hartutako erabakiak hartzen jarraitzen du langile zein hezkuntza komunitatearen kalteetan eta sindikatuen eskaerei muzin eginez eduki nahikorik gabe negoziazio mahaiak deitzen jarraitzen du.
2009koak dira Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketa alorreko zein Sukalde eta garbiketako langileen hitzarmenak eta 2010ekoa irakasleena. Beraz, 15 urte luzeren ondoren, bada garaia lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatu, atzerapausoak bertan behera utzi eta langileen lan baldintzak hobetzeko.
Nahiz eta kolektibo bakoitzarentzat aldarrikapen zehatzak izan, badira sindikatuek adostutako zazpi aldarrikapen amankomun: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea.
Era berean, eskatu dute Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea.
Beraz, mobilizaziora deitu dute. Zehazki, irakasleak urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26 eta 27an; Haurreskolak partzuergoko langileak urtarrilaren 28 eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an; eta Sukalde eta garbiketako langileak urtarrilaren 30 eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an.
Greba egunez gain ostiraletan ere mobilizatu dinamika martxan jarri dute, eta ikastexeetan mobilizazioak deitu dituzte.
Sindikatuek hezkuntza publikoko langileei greba eta mobilizazio hauek babesteko deia luzatu diete. Izan ere, mobilizazioen eskutik etorriko dira sindikatuek adostutako aldarrikapenak lortzeko negoziaketa erreala.