Hezkuntza Publikoko sukaldari eta garbitzaileen gehiengo zabalak egin du bat greba deialdiarekin

2017/11/16
Hezkuntza Publikoko sukaldari eta garbitzaileen grebak jarraipen zabala izan du: sukaldarien %80tik gora egin dute greba, garbitzaileen %65 inguruk egingo dute eta ehunka pertsonak hartu du parte Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan egin diren mobilizazioetan. Are gehiago, iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izan du gaurko deialdiak.

ELA eta LABen oharra:

Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunetan bezala, oso jarraipen zabala izan du Hezkuntza Publikoko Sukalde eta Garbiketako grebak. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izan du gaurko deialdiak. Grebara deiturik zeuden 470 sukaldarietatik %80 baino gehiagok egin du greba eta 330 garbitzaileetatik %65 inguruk adierazi dute greba egiteko asmoa (garbitzaile gehienek arratsaldean hasten dute beraien jarduna). Grebarekin bat eginez ehunka lagun irten da kalera administrazioaren ardura zuzenaren pean dauden Sukalde eta Garbiketan egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari ere, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.

2009tik hitzarmenik gabe dagoen eta gobernuak pribatizatzeko nahia duen kolektibo honetan, hauek dira, azken urteetan mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenak:

  • Plantillen egonkortzea. Momentu honetan, kontratu guztien %63 behin-behinekoak dira (400 langiletik gora).Sukaldarien artean %62 eta garbitzaileen artean %61.
  • Egiturazko lanpostu guztiak Lanpostu Zerrendan sartu eta jardunaldi osokoak izatea. Egiturazko lanpostu ugarik ez dutela %100eko jarduna eta aldiz asteko 2.420 ordu inguru kasu gehienetan iruzurrezkoak diren “laguntza kontratu” bidez betetzen direla.
  • Sukaldetako ratioak eta garbitzeko metrajeak gutxitu eta egokitu. Azken urteetan lan-kargak eta ardurak asko handitu dira eta kasu batzuetan ratioak eta metrajeak ere ez dira betetzen, ez dira egungo errealitateari egokitzen.
  • Ordezkapenak lehen egunetik bete. Ez dira betetzen edo oso berandu betetzen dira.
  • Langileak bete beharreko funtzioak zehaztu eta lan kategoriak aitortu. Kategoriak eta soldatak azken mailetakoak dira eta kasu batzuetan ardura handiko funtzioak betez.
  • Eroste ahalmena berreskuratu. 2010 geroztik %11tik gorako eros-ahalmen galera pairatu dugu, 16.000 eurotik gorako galera metatua (urteko soldata osoaren %73tik gorakoa).
  • Langileen prestakuntza eta euskalduntze planak gauzatu. Euskalduntzeko plana eta baliabiderik ez da ezarri. Eta prestakuntza planik eta ekintzarik ere ez dago
  • Azpiegituretan inbertsioak egin, berritu edota sortu. Azken urteetan, azpiegiturak zahartzen utzi dira eta ez da inbertsio eta berrikuntzarik egin eta eskola berrietan ez dago sukalderik.
  • Erretiroa errazteko neurri eta pizgarria ezarri. Izan ere, erretiroa errazteko neurriak bertan bera utzi dizkigute.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Azken asteetan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez Sukalde eta Garbiketan ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk ez da jasotzen.

Hezkuntza Sailari Sukalde eta Garbiketako egoeraren larritasunari eta gure aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jar dezala eskatzen diogu. Horrela ez bada, greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digute utziko.