Hezkuntza publikoko sukalde eta garbikuntzako hiru greba egunak arrakastatsuak izan dira

2022/03/31
ELAk Hezkuntza publikoko sukalde eta garbikuntza sektorean deituriko hiru greba egunek jarraipen zabala izan dute, hainbat eskoletan erabateko jarraipena izanik. Bizkaian izan da jarraipen nabariena, baina hiru hiriburuetan egindako elkarretaratzeak jendetsuak izan dira. ELAk adierazi du Hezkuntza Sailak kontsolidazio prozesu bermatzaileak adostu ezean, mobilizatzen jarraituko duela.

Bi dira langileen aldarrikapen nagusiak: Hezkuntza Sailari behin-behinekotasunari aurre egingo dioten kontsolidazio prozesu bermatzaileak exijitzea eta egiten ez diren ordezkapenak betetzea. Izan ere, %90ean pribatizatuta dagoen sektore honetan, publikoak diren zerbitzuen %70a behin-behinekoak dira. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen kontsolidazio prozesuen baitan, ahalik eta plaza kopuru gehien eta prozesu bermatzaile bat exijitzen diote langileek Hezkuntza Sailari; 520 langile kontsolidatzeko beharra dagoelako.

ELAk argi dauka pribatizazioari ixteko eta hainbat urteetan zehar administrazioarentzat erabilgarriak izan diren sukaldari eta garbitzaileak kontsolidatzeko momentua orain dela. Horregatik, mobilizatzen jarraituko du kontsolidazio prozesu bermatzaileak adostu arte.