Hezkuntza publikoko sukalde eta garbikuntzako lehenengo greba eguna arrakastatsua izaten ari da

2022/03/29
Langileen erdiak baino gehiago jarraitu dute greba, eta besteak beste, Igorreko, Hernaniko, Elgoibarko eta Galdakaoko eskoletan erabateko jarraipena egon da. Hiru eguneko greba izango da guztira; langileek kontzentrazioa egin dute Bilbon.

Martxoarren 29a ELAk Hezkuntza publikoko sukalde eta garbikuntza sektorean deituriko grebaren aurreneko eguna izan da. Bilboko Hezkuntza Delegaritzaren aurrean batu dira langileak, Sailari behin-behinekotasunari aurre egingo dion kontsolidazio prozesu bermatzailea exijitzeko. Horretaz gain, egiten ez diren ordezkapenak betetzea aldarrikatu dute.

Greba eguna arrakastatsua izaten ari da, orokorrean jarraipen zabalarekin; batez ere Bizkaian. Izan ere, hainbat eskoletan zerbitzu minimoetan zeuden langileak bakarrik joan dira lanpostura. Esaterako, Galdakao, Sodupe, Igorre eta Urdulizeko eskoletan. Egoera berdinean daude Gipuzkoako Hondarribiako eta Elgoibarko eskoletan.

Bihar eta etzi berriz ere grebara aterako dira sektore feminizatu eta prekarizatu honetako langileak. Donostian bilduko dira goizeko 11:00etan Hezkuntza Delegaritzaren aurrean, aldarrikapen berdinekin: pribatizazioari ateak ixteko, behin-behineko langileen kontsolidazioa eta ordezkapenak betetzea.

Egun hauetan asko ari gara Hezkuntza akordioaren inguruan hitz egiten. ELAk akordio horren ibilbidean hezkuntzako langileak ez direla aintzat hartu salatu du behin eta berriro, baita lan baldintzen inguruko aferari ez ziola eusten ere. Egoera hau nabarmenagoa da sukalde eta garbikuntza sektorean. Gure hezkuntza sistema kalitatezkoa izan dadin ezinbestekoa da lana baldintza egokietan egin ahal izatea. Horretarako Hezkuntza publikoko langileen egonkortasuna eta kontsolidazioa funtseskoak dira. Aukera bikaina dauka Hezkuntza Sailak testuen erretorikatik praktikara igaro eta eskola publikoaren alde eta pribatizazioaren aurkako neurri eraginkor batzuk hartzeko. Izan ere, gogora dezagun Hezkuntzako sukalde eta garbikuntza zerbitzuaren %90 pribatizatuta dagoela, eta publikoa diren zerbitzuen arteko langileen %70 behin-behinekoak dira.