IRAKASKUNTZA PUBLIKOA

Hezkuntza Sailak aurkeztu duen proposamenak ez du aurrerapausorik eta zenbait gaietan atzera ere egin du

2025/05/08
Aurkeztutakoak ez du ratio eta baliabide hobekuntza nabarmen baterako, desburokratizaziorako, enplegua egonkortzeko zein erosahalmena berreskuratzeko balio. Erretiroan proposamen okerragoa aurkeztu du. Beraz, sindikatuek Hezkuntza Sailari aldarrikapenak jasoko dituen proposamen bat helarazteko exijitu diote. Sailak proposamen bat bidaliko die eta bihar 12.00etan berriro bilduko dira

Grebalarien aldarrikapen nagusiek ez dute erantzunik izan gaurko mahaian. Ia hilabete ondoren eta abian den greba eta mobilizazio dinamika aintzat hartuta Hezkuntza Sailak egin duen proposamena ez da serioa.

Apirilaren 9ko proposamenarekiko aldaketa bakarrak honakoak izan dira:

· Ratioak: jaitsiera etapa bakarrean planteatu da, eta bertan erabat eskasa: Lehen Hezkuntzan ikastaldeko gehieneko ratioa 23tik 22ra jaistea. Gainerako etapetarako ez da ezer proposatu eta ikasgelak erabat betetzera eramaten duen muturreko ratio politikarekin jarraitzen da.

· Soldatak: Hezkuntza Sailaren proposamenak ez du galdutako eros-ahalmena berreskuratzen. 2025ean galtzen jarraitzea dakar eta hurrengo urteetarako ere bide beretik jarraitzen du; KPIari lotu gabeko eta baldintzaz jositako proposamen eskasa egin baitu.

  • 2025: %2ko soldata igoera irailaren 1etik aurrera eta 2026ko urtarrilean jasotzen hasita. 2024ko estatuko KPIa %2,8koa izan da eta EAEkoa %3,6koa. Irailetik aplikatuko litzateken igoera horrek 2025ean %0,67ko igoera suposatuko luke, KPI azpitik berriro.

  • 2026 eta 2027: urte bakoitzerako %0,5eko igoera finkoa eta % 0,5 gehitzeko aukera baldintzatuta (BPGren eboluzioari lotuta).

  • 2028: berariazko osagarriaren %2ko igoera baldintzatua. Kasurik onenean ere %0,048ko igoera.

· Erretiroa: aurrez egindako proposamena okertu da. Hark zuzeneko zerbitzu aktiboa uzteko aukera ematen zien langileei erretiro adina baino 18 hilabete lehenago (lehenengo 3 hilbabeteetan ikastetxean tutoretza lanak eginez); orain 15 hilabetera (3 hilabeteetan ikastetxean tutoretza lanak eginez) okertu dute proposamena.

Gainerako gaietan ez dago aldaketarik. Hala nola desburokratizaziorako neurrietan, giza baliabideen hobekuntzan, behin-behineko enplegua egonkortzeko edo lan-osasuna bermatzeko neurrietan.

ELAk bere kezka eta haserrea azaldu dio gaurko mahaian Hezkuntza Sailari. Arduragabekeria nabariaz jokatzen ari da.

ELAk Hezkuntza Sailari gatazka bideratzeko proposamen serioa exijitzen dio. Horrela gertatu ezean, hezkuntza publikoko irakasleak datorren asteko grebetan eta mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditu. Eta hezkuntza komunitate osoa Larunbateko Gasteizko, Donostiako eta Bilboko manifestazioetan kaleak betetzera.