HEZKUNTZA PUBLIKOA

Hezkuntza sailak ez die sindikatuei irakasleen gatazka bideratzeko proposamenik helarazi

2025/03/31
Pasa den astelehenetik Hezkuntza Sailak ez du proposamen berririk egin, ezta mahai negoziatzailerik deitu ere. Grebalarien aldarrikapenei erantzunik eman gabe, grebak deskonbokatzea beste asmorik ez du agertu. Hori horrela, ELA, STEILAS, LAB eta CCOO sindikatuek apirilaren 1 eta 2ko grebekin aurrera egingo dute.

Beraz, irakasleen lan-baldintzak hobetu eta Hezkuntza Publikoa indartzeko, apirilaren 1erako eta 2rako deitutako grebekin aurrera jarraituko dute sindikatuek. Apirilaren 1ean manifestazioak egingo dituzte hiru hiriburutan goizeko 11.30etan. Gasteizekoa Bilbo plazatik abiatuko da, Donostiakoa Bulebarretik eta Bilbokoa lurralde ordezkaritzatik (Gran via 85). Apirilaren 2an Gasteizen egingo dute manifestazioa goizeko 11.30etan hau ere Europa Jauregitik abiatuta eta Lakuan amaituz.