Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak murrizketa gehiago egiteko asmoa agertu du
Gaur, Gasteizen, Cristina Uriarte buru zela Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila aurkeztu da sindikatuen aurrean.
Aurkezpen formalaz haratago, ELA oso kezkaturik irten da bileratik, izan ere, Hezkuntza Sailburuak inola ere ez baitu bermatu azken urteetan ezartzen ari zaizkigun murrizketa politikak errotik aldatuko dituenik eta murrizketa berriak inposatzeko atea zabalik utzi du, sufritzen ari garen krisi egoera larria aitzakia. Eusko Jaurlaritzak iragarria du 1.200 milioi eurotik gorako murrizketa bere aurrekontuetan eta, azken egunetan gobernuko ordezkariek adierazi duten moduan, hori egitea ezinezkoa da hezkuntza, osasun arloa eta gizarte babesa murriztu gabe.
ELArentzat guztiz onartezina da sufritzen ari garen egoera larri honetan, gure oraina eta etorkizuna babestu eta krisitik hobe irten ahal izateko hezkuntza inbertsioak egin beharrean, aurrez egindakoak sendotu eta gehiago inposatzeko erabakia.
Gogoratu beharrean gaude azken hamarkadetako datuen baitan, Eusko Jaurlaritzak, herrialde garatuenen bataz-bestekoa baina bere aurrekontuaren portzentajearen 1,5 puntu gutxiago bideratzen dituela hezkuntzara, hau da, proportzioan 1.000 milioi € inguru gutxiago, Europako herrialde garatuenengandik oso urrun. Eta abiapuntua hau izanik, azken hiru urtetan ia 300 milioi euroko murrizketa jasan du hezkuntza aurrekontuak. Hau guztia, 13.000 ikasle gehiago eskolaratu direnean.
Murrizketa politika hauen ondorioz, behar berri hauei guztiei egoki aurre egiteko beharko liratekeen milaka profesional kontratatzera eta baliabideak gehitzera eraman beharrean, ehundaka langile gutxiagorekin funtzionatzera behartu gaituzte, ordezkapenik ez egitera edo hauek atzeratzera, lanpostuak galtzera, prestakuntzan murrizketa izatera, baliabide gutxiagorekin funtzionatzera, lan-kargak handitzera eta soldata eta lan-baldintzetan atzerakada nabarmena sufritzera.
Jaurlaritza berriak hau guztia kontutan hartu eta egoera errotik aldatu eta hezkuntzara baliabide eta inbertsio handiagoak bideratu beharrean, murrizketa politika egonkortu eta murrizketa gehiago inposatzearekin egiten digu mehatxu.
Azken urte hauetan hezkuntzako eragile ia guztiek gogor salatu ditugun erabaki hauek mantentzen baditu, aurrean izango gaitu. Izan ere, euskal jendarteak oinarrizko eskubide eta zerbitzuak indartuko dituen politikak behar ditu, krisi egoera honetatik irteten eta gure etorkizuna sendotzen lagunduko diguten politikak, eta bide horretan hezkuntzaren garapena funtsezkoa dugu. Lan horretan arituko da ELA.
Bestalde, kezka handia sortzen dio ELAri Wert ministroaren LOMCE hezkuntza erreformaren aurrean Hezkuntza Saila agertzen ari den epeltasuna. Sindikatu honek, behin eta berriro salatu duen moduan, hezkuntza guztiz zentralizatu, ideologizatu eta merkantilizatu nahi duen eraso izugarri baten aurrean gaudela. Hezkuntza ministroak behin baino gehiagotan adierazi du, azkena sailburuari berari, erreforma hau itxia dagoela eta akordioekin edo akordiorik gabe onartzeko asmoa duela. Erreformaren edukia eta Espainiako Gobernuaren jarrera ikusita, oso larria da Uriarte sailburuak elkarrizketa eta adostasunerako egiten dituen deiak, erreformaren onarpena eta bere inposaketa Euskal Herrian galaraziko duten bide eta estrategia eraginkorrak jorratu beharrean.
Hau guztia honela, ELA oso kezkatua irten da Hezkuntza Sailarekin izandako bileratik. Sindikatuak Sailburu berriari eskatzen dio murrizketak alde batera utzi eta Europako herrialderik garatuenen hezkuntza mailara gerturatuko gaituen politikak jar ditzala abian. Modu berean, hezkuntza zentralizatu, espainolizatu eta merkatu neoliberalen zerbitzura jarri nahi duen erreforma adoktrinatzaile eta atzerakoiari aurre egin eta Euskal Herrian ez aplikatzeko bide eta estrategia eraginkorrak bidera ditzala eskatzen dio. Euskal jendarteak gure behar eta nahiei erantzungo dien hezkuntza behar du eta bide horretan pausoak ematea inoiz baina premiazkoa da. Horrela eskatzen du ELA sindikatuak eta lan horretan ahaleginduko da.