Hezkuntza sailak Gabon aurreko astean ordezkapenik ez egiteko agindua eman izanak erakusten du irizpide ekonomizistak gailentzen direla

Bizi dugun egoera kritikoan, non pandemiaren eragina bereziki larria den eskoletan, Eusko Jaurlaritzak irizpide ekonomizistak gailentzen ditu eta, baliabide gehigarririk ez jartzeaz gain, egun dauden hutsuneak sistematikoki ez betetzeko agindua eman du. Horrek langileentzako lan karga handia suposatzeaz gain, negoziazio bidez lortutako baimen eta lizentziak data horietan ezin gozatzea dakarkie, haien eskubideak urratuz. Zer esanik ez ikasleentzako horrek suposatzen duen hezkuntza kalitatearen gainbehera. ELAk administrazioaren erabaki arduragabea salatu nahi du, eta eskola egunak diren heinean langileak ordezkatzeko betebeharra gogoratu nahi dio Hezkuntza Sailari.
Hezkuntzako azpisektore batean bereziki, sukalde eta garbiketan, egoera are larriagoa da; pasa den kurtsotik hainbatetan salatu du ELAku ordezkapenak ez direla kudeatzen. Pandemia egoeran, non hezkuntzako garbitzaile eta sukaldariak ezinbesteko langiletzat hartu dituen administrazioak, langileak ez dira ordezkatu, beste langileetzat lan karga areagotzea eta zerbitzuaren okertzea ekarri badu ere. ELA sukalde eta garbiketan bizi den egoera larria ikastetxe guztietan sozializatzen ari da sinadura bilketa baten bitartez; jada 200 sinadura inguru bildu dira.
Ordezkapenak kudeatzeko eta gauzatzeko behar beste neurri hartzea eta baliabideak jartzea eskatzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari. Propaganda hutsetik haratago, ezinbestekoa da hezkuntza kalitatearen eta hezkuntzako langileen lan baldintzen alde baliabideak jartzea.