Hezkuntza Sailak hainbat ordezkapen-zerrenda itxirik mantentzen ditu agorturik egon arren

2016/03/04
ELAk gogor salatzen ditu jaurlaritza ordezkoen zerrendekin egiten ari den kudeaketa eta honek dituen ondorio larriak. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketa irizpideak goitik behera inposatzeaz gain, berezko murrizketa zerrenda zabaltzen jarraitzen du.

Irakaskuntza Publikoko ikastetxeetan suertatzen diren ordezkapen beharrak betetzeko indarrean dauden hainbat ordezkoen zerrenda agorturik daude eta gobernuak ez du irekitzeko inolako asmorik agertzen.

Honek, hainbat ordezko lanik gabe uzteaz gain, arazo larriak sortzen ditu ikastetxe, ikasle eta familiengan. Izan ere, ordezkapen hauek ez egitearen ondorioz ikasleek ikasgaia galtzen dute eta ikastetxe hauetako gainerako irakasleak ordezkapen horiek betetzera behartzen ditu, haien ikasgaiak behar bezala prestatzeko denbora kenduz, lan karga handituz eta haien espezialitatekoak ez diren ikasgaiak emanez.

Jaurlaritzaren murrizketa politikaren barruan, erabat onartezina izan eta askotan salatu arren, ezaguna dugu ordezkapenak ez betetzeko edo aste betera osatzeko erabakia. Azken hilabeteetan askotan errepikatzen ari den jarraibide honek aldiz, are gehiago larritzen du egoera.

ELAri guztiz larria eta onartezina iruditzen zaio Hezkuntza Saila ordezkoekin eta ordezkapenekin eramaten ari den politika. Murrizketa eta diru aurreztea eskubide eta hezkuntza kalitatearen gainetik ezartzen ditu, ordezkoak, ikastetxeak eta ikasle eta familiak kaltetuz.

Honegatik guztiagatik, ELAk agorturiko zerrendak (azken asteetan Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika eta Geografia eta Historia, besteak beste) berehala irekitzea exijitzen dio jaurlaritzari. Gauza bera eskatzen diogu agortzear daudenekin ere.

Honekin batera, ordezkapen guztiak lehen egunetik egitea eskatzen dugu.