HEZKUNTZA PUBLIKOKO GREBA
Hezkuntza Sailak langileen aldarrikapenei erantzunik eman gabe jarraitzen du

Bost eguneko bigarren greba zikloaren ondoren, Mahai Negoziatzaile berri bat izan dugu gaur sindikatuok. Sailak, berriz ere, ez die erantzunik eman grebetan aldarrikatzen ditugun edukiei. Gaurko planteamendu bakarra honakoa izan da: negoziazio egutegi bat zehaztea, hasieran baliabide pertsonalei buruz bakarrik hitz egiteko.
Hortaz, gaurkoan gainerako aldarrikapen guztiak albo batera utzi nahi izan ditu Sailak. ELAk ez du hori onartuko. Baliabide pertsonalei dagokienean ere, azaldu diguten proposamena oso eskasa izan da (azken 5 greba egunen aurretik jasotakoaren oso antzekoa).
Bederatzi greba egunen ondoren eta gaur jasotako planteamendua ikusita, ELA ez da Hezkuntza Sailaren jokoan eroriko. Hilabeteak dira Hezkuntza Sailak gure aldarrikapenak ezagutzen dituela. Denbora guzti honetan, aldiz, ez du horiei erantzuteko borondaterik izan.
Horregatik, greba dinamika indartsu bat eraiki dugu eta gure aldarrikapenei erantzun ezean, mobilizazio eta grebena da jorratu beharreko bidea. Negoziazio egutegi bat zehazte hutsa ezin daiteke greba eta borroka dinamikarekin amaitzeko arrazoia izan.
Azken urteetan zehar ere proposatu izan zaizkigu negoziazio egutegiak (azkenekoz ikasturte honen hasieran bertan) eta horien guztien eraginkortasun ezak eraman gaitu gaur bizi dugun egoerara.
Sailari falta zaiona ez da denbora, gure aldarrikapenei erantzuteko borondatea baizik.
Gaurko mahaian horixe aiderazi dio ELAk Hezkuntza Sailari eta hori izango da hurrengo egunetan zehar gainerako sindikatuekin ere partekatuko duguna.