Hezkuntza Sailak murrizketa berriak ezarri ditu, EPE deialdi pirrikoa proposatu du eta lan-baldintzak okertzen jarraitzen du
Eusko Jaurlaritzak azken urteetan Barne Produktu Gordinaren % 3,5 soilik bideratu du hezkuntzara. 28 kideko Europar Batasunak baino 1,5 puntu gutxiago, 1.000 milioi € gutxiago, alegia. Errumaniak soilik inbertitzen du Eusko Jaurlaritzak baino gutxiago.
2016an iaz baino 20,5 milioi € gutxiago bideratu dira hezkuntzako aurrekontura eta 2009an baino 221,7 milioi gutxiago. Aldiz, bankuei zorraren ordainketarako 2009an baino 1.086 milioi gehiago emango diete. Aurrekontuaren %0,8tik %11,1era pasaz.
Hau guztia, Bruselas eta Madrilekin defizit muga adostu dutelako eta sortzen dugun aberastasuna fiskalitatearen bidez banatzeari uko egitearen ondorioz. Izan ere, Europako bataz-besteak baino 4.500 milioi € inguru gutxiago jasotzen baititugu euskal gobernuek aberatsenei oparitzea erabaki dutelako.
Honen baitan, jaurlaritzak %1eko soldata igoera besterik ez du proposatzen 2016rako, jakinik 2010tik %17etik gorako eroste-ahalmena galdu dugula. Lehen Hezkuntzan 5.000€tik gora urtean eta 24.000€tik gora 2010etik metaturiko eroste-ahalmenean. Bigarren Hezkuntzan, berriz, 6.000€tik gora urtean eta 28.000€tik gora 2010etik metaturiko eroste ahalmenean. Honi 2012an lapurturiko ordainsaria gehitu behar zaio. Izan ere jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak ahalbideratu duenaren kontra, kendurikoaren %26 besterik ez bueltatzea proposatu du eta gainera 2016ean zehar. Gainerako %50 nork daki noiz.
Kontutan izan behar da Itzarriren kasuan ere, Madrilek ordainketa baimendu arren eta EAEko instituzio gehienetan kolore ezberdinetako gobernuak ordaintzen aritu, Eusko Jaurlaritza da ordainketa hori etena duen bakarrenetakoa. Lotsagarria!
Jaurlaritzak aurkeztu duen aurrekontuaren baitan guztiz mugatu ditu hezkuntza sistemarentzat eta lan-baldintza duinak bermatzeko funtsezkoak diren atal guztiak. Horrela, murrizketak inposatzen jarraitzeko asmoa agertu du: plantillak erabat murriztuta mantenduz eta lan-kargak gehituz, ordezkapenak ez eginez edo atzeratuz, bajak zigortzen jarraituz, erretiro aurreratua ezinezkoa bihurtuz...
Plantillei lotuta, 2016rako ELAk lotsagarritzat jotzen duen oposizio proposamena egin digu sindikatuoi.
Irakaskuntza Publikoan 4.500 irakasle plazatik gora egonkortzeko premia dago. Honi azken urteetan murrizturiko 1.500 lanpostutik gora gehitu behar zaizkio. Beraz 6.000 plazatik gora eskaini beharko lituzke jaurlaritzak hezkuntza publikoko irakasle plantilla beharrei aurre egiteko. Baina 500 plaza inguru EPE deitzeko proposamena luzatu du jaurlaritzak. Eskaintza eskas honek hezkuntza sistema publikoan egonkortasun eza eta prekarietatearen aldeko apustua garbia suposatzen du.
EPE deialdiaren eta ELAk antolatu dituen ikastaroen inguruko informazio ikusteko egin klik hemen.