Hezkuntza Sailak murrizketak inposatzen jarraitzeko erabakia du eta EPE deialdi irrigarriarekin prekarietatea aregotuko du
Gaur Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den Irakasle Funtzionarioen mahai sektorialean argi geratu da Hezkuntza Sailak azken urte luzeetako murrizketa politikari jarraipena emateko asmo sendoa duela eta Madrilek ezarritako politikari men egiten diola.
Sindikatuok aurreko mahai sektorialean Hezkuntza Publikoaren oinarrizko funtzionamendu egokia eta lan-baldintza duinak bermatzeko puntuak plazaratu ditugu berriro:
-
Plantillen handitzea.
-
Ordezkapen guztiak bete eta ordezkoen lan baldintzak hobetzea.
-
Eros ahalmenaren galera berreskuratzea.
-
Erretiro aurreratua guztiei bermatzeko bideak bilatzea.
-
Baja egoerak ez zigortzea eta %100 ordaintzea.
Hezkuntza Sailak muzin egin die sindikatuon eskaera hauei eta argi utzi du orain arteko murrizketa politika berak aplikatzen jarraituko duela. Horretarako Espainiar estatuak plazaraturiko legeetan bilatu du babesa eta aitzakia moduan erabili ditu.
%30eko behin-behinekotasuna izanik eta 4.500 plazatik gora egonkortzeko premia izanik jaurlaritzak 275 plaza besterik ez ditu deituko EPEra
Honekin batera, orain ia hilabete komunikabideen bitartez jakin ondoren, gaur eman digu ofizialki Eusko Jaurlaritzak Enplegu Publiko Eskaintza (EPE) deialdiaren berri. Jaurlaritzak argi utzi du Espainiar Estatuak ezarritako irizpideen menpe jarri dela, Madrilek ezartzen dituen berritze-tasak bere osotasunean betez. Horren baitan EPEra 275 plaza aterako dituela iragarri du. Deialdia Irakasle Funtzionarioen kolektibora eta honen barruan Maisu-maistren kidegora mugatuko dela adierazi dute eta azterketa 2015eko udan burutuko dela.
Kontutan izan behar dugu 2009an Mahai Orokorrekorean behin-behinekotasuna eta prekarietatea %8ra mugatzeko asmoz adostu ziren 5.100 plazetatik 3.044 oraindik ere ateratzeke daudela. Horri gehitu behar zaizkie 2013tik 2015era bitarte erretiratuko diren 1.500 langiletik gora. %30 inguruan kokatzen den behin-behinekotasun eta prekarietateari aurre egiteko guztira 4.500 plazatik gora atera beharko lirateke lehiaketa publikoara eta Hezkuntza Sailak lanpostuei eta hezkuntza sistemari egonkortasuna emateko beharrezko liratekeen lanpostu horien apenas %6 deituz erantzuten dio. Hau da, egonkortasun eza eta prekarietatearen aldeko apostu garbia hezkuntza sistema publikoan.
Hau gutxi balitz, bilera berean, langileak antolatu, erasoei erantzun eta gure eskubide eta lan-baldintzen defentsan aritzeko sindikatuok ditugun baliabide eta orduak murrizteko proposamena luzatu digu. Horretarako Hezkuntza Sailak berak adosturiko akordioak bertan behera uzteko prest agertu delarik.
Hau, inposatzen ari diren eskubide eta lan-baldintzen murrizketei aurre egiteko langileok ditugun baliabideak gutxitzeko eta edozein interpelazio eta kontrako erantzun indargabetu edo isil arazteko saiakera onartezina besterik ez da. ELAk inola ere onartuko ez duen langileen eskubideen aurkako erasoa, alegia.
ELAk administrazioari eskatzen dio gure oinarrizko zerbitzuak, oro har, eta hezkuntza publikoa modu berezian larriki kaltetzen dituen murrizketa eta prekarizazio politika hauek alde batera utzi eta egin dezala propagandaz harago hezkuntzan benetako apustua eta inbertsioa.