Hezkuntza Sailak prekarietatearen alde egiten du Hezkuntza Publikoan eta adarra jotzen die langileei

2014/10/16
Sindikatuoi bizkar emanez Uriarte Sailburuak Enplegu Publiko Eskaintza deituko duela iragarri du estatuak ezarritako berritze tasari men eginez. Erabaki honek Hezkuntza Publikoan behin-behinekotasun maila onartezina areagotzen du eta prekarietatearen alde egiten du.

Gaur komunikabideen bitartez jakin dugu Hezkuntza Sailak 2014 eta 2015 urteetarako Enplegu Publiko Eskaintza deitzeko asmoa duela. Inola ere plazaratu nahi dituen lanpostu kopurua esan ez duen arren.

ELArentzat onartezina da sindikatuok honen berri komunikabideen bitartez izatea, are larriagoa astelehenean burutu zer planifikazio batzordean gai honen inguruan espreski galdetutakoan jaurlaritzaren ordezkariek asmoa bazutela baina gaiak hausnarketa serioa behar zuela erantzun zutenean.

Sindikatu honentzat guztiz premiazkoa da Hezkuntza Publikoaren sektore ezberdinetan (Irakasle Funtzionarioetan, Heziketa Berezian, Zerbitzuetan) pairatzen ari garen behin-behinekotasun, egonkortasun falta eta prekarietateari konponbidea jartzea, baina Cristina Uriartek gaur jakitera eman duen asmoak eta ezarri dituen baldintzek inola ere ez die erantzuten Hezkuntza Publikoaren behar oinarrizkoenei.

Iragarpenarekin batera, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak espainiar estatuak ezarritako berritze tasei men egingo diola adierazi du, hau da, 2014ean %10eko berritze tasa ezarriko duela eta 2015ean %50a.

Hau honela, propaganda ariketa baten aurrean gaudela salatzen du sindikatuak eta gobernuak argi uzten duela behin-behinekotasunaren eta prekarietatearen alde egiten duela Hezkuntza Publikoan.

Kontutan izan behar dugu Hezkuntza Sailaren beraren datuen baitan 2012an 464 irakasle erretiratu ziren, 2013an 471, 2014ean 478 erretiro aurreikusten dituzte, 2015ean 589 eta oraindik gehiago hurrengo urteetan. Honek esan nahi du 2012tik 2015era bitarte, erretiroen baitan soilik, 2002 lanpostu galtzen direla. Eta Uriarte Sailburuak adierazitakoaren baitan 350 lanpostu inguru aterako lituzke administrazioak Enplegu Publiko Eskaintzara.

Honi gehitu behar zaizkio 2009ko Mahai Orokorreko akordioaren baitan oraindik plazaratzeke dauden beste 3.044 lanpostu.

Hau da, gutxienez 5.046 lanpostuko beharrei Eusko Jaurlaritzak 350 lanpostu ateraz egin nahi die aurre.

ELArentzat Uriarte Sailburuaren proposamen hau guztiz onartezina da. Hain garrantzitsua eta gure etorkizunari begira estrategikoa den sektorean behin-behinekotasunaren eta prekarietatearen aldeko apostu garbia da eta adar-jotzea beraien lanpostuak egonkortu gabe dituzten eta urte askotan inolako egonkortasunik gabe alde batetik bestera ibiltzera beharturik dauden milaka ordezko langileentzat.

Honen harira, kontutan hartu behar dugu, behin-behinekotasun honetaz baliatuz eta azken urteetako murrizketen baitan, modu berezian gelako ikasle kopurua handituz, Eusko Jaurlaritzak 1.800 lanpostu inguru suntsitu dituela.

ELAk Hezkuntza Sailburuari eskatzen dio Hezkuntza Publikoaren benetako beharrei aurre egiteko baliabide eta bitartekoak jar ditzala, behin-behinekotasunari eta prekarietateari aurre egiteko neurriak har ditzala eta egoera okertu besterik egiten ez duten propaganda neurriak alde batera utz ditzala.