Hezkuntza Sailak urteetako lan esperientzia baliorik gabe utz dezakeen proposamena egin du

2015/12/18
ELArentzat onartezina da honelako proposamena egitea, are gehiago aldez aurretik lanpostuak egonkortzeko inolako planik adostu gabe, urte luzetan hezkuntzan modu prekarioan lan egitera behartu eta beraietaz probestu den milaka irakasleren lana arriskuan jarriz.

Azken hamarkadetan Eusko Jaurlaritzak behin-behinekotasun eta prekarietatearen aldeko apustua egin du hezkuntzan. Egun 7.000tik gora irakaslek dute behin-behineko kontratua (%31). Urtero hutsik geratzen diren lanpostuak egonkortu beharrean, urteetan ez du inolako EPE deialdirik egin eta egin duenean oso plaza gutxi atera ditu lehiaketara, etengabe behin-behinekotasuna areagotuz. 2016Ko deialdiarekin, azken hiru urtetan egonkortu beharreko 6.000tik gora plazetatik apenas atera ditu 900.

Hezkuntza sistema larriki kaltetzen duen erabaki hauek sorturiko ondorioak konpontzeko gobernuak milaka interino eta ordezko “erabili” ditu urte askotan, behin-behineko kontratuekin, modu prekarioan eta Euskal Herria osoa alde batetik bestera zeharkatzera behartuz.

Orain, Hezkuntza Sailak, noiztik aurrera martxan jartzea nahi duen zehaztu ez arren, EPEko nota meritu moduan kontutan izateko proposamen zirriborroa luzatu du aurrez azalduriko egoera emango ez balitz moduan:

EPE gaindituz gero 5etik 6,49ra bitarteko oposizio nota = 40 puntu

6,50tik 7,99 bitarteko oposizio nota = 50 puntu

8tik 10 bitarteko oposizio nota = 60 puntu

Proposamenak milaka irakasleren lana baliorik gabe utz dezake eta ordezkoen zerrenda osoa hankaz gora jarri. Bereziki, egiten diren EPE deialdi erabat eskasak kontutan izanik.

ELArentzat onartezina da honelako proposamena egitea, are gehiago aldez aurretik lanpostuak egonkortzeko inolako planik adostu gabe, urte luzetan hezkuntzan modu prekarioan lan egitera behartu eta beraietaz probestu den milaka irakasleren lana arriskuan jarriz.