Hezkuntza Sailarekin izandako bilera kurtso amaierako zein ikasturte hasierako planen inguruan inongo zehaztapenik eman gabe amaitu da

2020/04/29
Hezkuntza Saialarekin izandako bileran aurretik ELAk egindako salaketa berretxi du. Horretaz gain, Jaurlaritzari helarazitako gai ordena jarraitzeko eskaria burutu eta bertan txertatutako galdera zehatzei erantzuteko galdegin diogu. Bestalde ELAk salatu nahi du Jaurlaritza milaka pertsonen ziurgabetasuna areagotzen ari dela EPE deialdiaren data zehaztapenik ematen ez duelarik.

Tamalez, etenda zeuden zenbait prozedura administratiboren inguruan emandako informazio berriaz haratago, ez dugu hezkuntza komunitatea larritzen duten hainbat gairen inguruko inolako berrikuntzarik suposatzen duen informaziorik jaso.

Salatu nahi dugu, kurtsoa amaitzear dagoen honetan, kurtso amaierako planaz inolako datu zehaztapenik eman ez izana. Jaurlaritzak argi azaldu bazuen ere bere asmoa zenbait kurtsoetako ikasleak eskoletara bueltatzea zela, gaur ez du inolako zehaztapenik eman buelta hori zein baldintzetan diseinatzen duten argitzeko ez eta zein segurtasun protokolo aktibatuko diren ere.

Gainera, ordezko langileen eskubide eta baldintzen inguruan egindako zenbait eskariren aurrean ere ez dugu aldeko erantzunik jaso, izan ere ordezkapen guztiak lehen egunetik betetzeko eskaria bermatzen duen neurririk ez da ezarri eta momentuz langile hauek udara kobratu ahal izateko egunen konputoan ere ez da aldaketarik aurreikusten.

Salatzekoa da bestalde, gaurko egunea ere EPE deialdiaren dataren inguruko erabakirik ez izatea. Aurreko bileran dagoeneko plazaratu genuen gai honekiko gure ardura, baina gaurkoan ere data zehatzik ez dute mahai gainean jarri eta oso larria deritzogu. Hala ere, eta sindikatuon iritziaz beste, berriz ere oso argi geratu da Jaurlaritzaren asmoa EPEa abenduan gauzatzea dela. Onartezina deritzogu milaka pertsona informazio honen zain eta ziurgabetasunean murgilduta dauden honetan gaurko egunez inolako berririk ez izatea.

Finean beraz esan dezakegu funtsezko gai ugariri ez zaiela erantzunik eman gaurkoan.

ELA-tik galdegiten dugu, EPE data finkatu eta ikasturte planane inguruan hartu beharrekoak diren neurri eta erabakiak lehenbailen hartu daitezela. Hauek aurrez sindikatuoki negoziatu eta bai kurtso amaierara begira eta baita datorren ikasturtera begira ere hartzen diren neurri guztiak langileen eskubideak bermatuz eta noski, hauen segurtasun eta osasuna zainduz egin daitezela.