Hezkuntza Sailaren arduragabekeria salatu eta osasun neurriak exijitu dituzte sindikatuek

2020/05/13
Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzan ordezkaritza duten sindikatuek mobilizazioa egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean ikasketa presentzialetara itzulera ikastetxe bakoitzaren ardurapean uzteko erabakia salatzeko. ELAk hezkuntzan duen ordezkari Alain Garciak osasuna bermatuko duten baldintzak ahalbideratzeko eta itzulera neurriak eragileokin negoziatzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari.

“Hezkuntza Sailak negoziatu eta partekatu gabe aurkeztu du plana. Proposamena aztertu ostean, ELAk bere erabateko gaitzezpena adierazi nahi du, ez delako ematen itzulera abian jartzeko baldintzarik. Sindikatuen eta eragileen presioaren eraginez Hezkuntza Sailak mugitu behar izan du, baina egindako mugimendua eta publiko egindako erabakia are eta arduragabeagoa da. Hezkuntza Sailak ez ditu hartu nahi dagozkion ardurak. Ikastetxe desberdinen arteko ikasleen arrakala sortu edo areagotzeko arriskua handia da”.