Hezkuntza sistemaren ebaluazio emaitzek murrizketa politiken ondorio larriak islatzen dituzte

2016/03/15
ELAk salatzen du Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan egiten duen inbertsio eskasak eta azken urteetan inposaturiko murrizketak ondorio larriak izaten ari direla lan-baldintzetan, ikastetxeen funtzionamenduan eta ikasleen heziketan eta berdintasunean

Atzo Hezkuntza Sailburuak argitara emandako hezkuntza sistemaren ebaluazio emaitzek agerian uzten dituzte Eusko jaurlaritza azken urte hauetan inposatzen ari den politiken ondorioetariko batzuk.

Azken urte luze hauetan, Eusko Jaurlaritzak:

  • Hezkuntzaren ikuspegi erabat merkantilista bultzatzen du, hezkuntza integrala alboratuz.
  • Sortzen dugun aberastasunaren %3,6 besterik ez du inbertitzen hezkuntzan, proportzioan 28ko Europar Batasunaren bataz-bestekoak baino ia 900 milioi gutxiago. Europar Batasuneko 28 estatuetatik soilik Errumaniak egiten du inbertsio txikiagoa.
  • 2009ko aurrekontuaren pisu erlatiboarekin alderatuz, 2016an 222 milioi euro gutxiago bideratu dira hezkuntzara.
  • Gelako ikasle kopurua handituz 2.500dik gora lanpostu desegin ditu hezkuntza sistema osoan.
  • 3 irakasletik 1 behin-behinekoa izatea bultzatu du.
  • Ordezkapenik ez du egiten edo astebeteko atzerapenez egiten ditu.
  • Lan-kargak handitu ditu.
  • Baja hartzeko aukerak murriztu ditu.
  • Prestakuntza edota hezkuntza behar berezietarako baliabideak murriztu ditu.
  • Adin batetik aurrera irakas-ordurik ez ematea oztopatu du.
  • Soldatak murriztu ditu.

Garaturiko politika hauek eta inposaturiko murrizketak ondorio oso kaltegarriak izaten ari dira hezkuntzako langileen lan-baldintzetan, ikastetxeen funtzionamenduan eta, ondorioz, ikasleen heziketa prozesuan eta berdintasunean. Honen guztiaren ondorioz, azken urteetan hezkuntza sistemak, atzerapauso kezkagarria eman du jatorriko ezberdintasun sozialak gutxitzerako orduan.

Era berean, ELArentzat oso larria da emaitzek ikasleen euskalduntzean adierazten duten atzerakada. ELAk, hezkuntzako beste hainbat eragilerekin batera, sarritan aldarrikatu du euskarazko murgiltze eredua oinarri duen hezkuntza sistema. Ikasle euskaldun eleanitzak garatuko dituena, horretarako eskola osoaren eta ikaslearen inguru osoaren lanketarekin. Bide honetan tamalgarria da Eusko Jaurlaritzak jada erabat agortua dagoen eta euskalduntzean pausoak ematea eragozten duen egungo hizkuntza ereduen sistema (A, B eta D) behin eta berriro aldarrikatzea, Heziberri Planean egiten duen moduan edo Espainiako gobernuarekin adostu duen moduan.

ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio bere hezkuntza politika errotik alda dezala. Murrizketa politikak alde batera utzi eta hezkuntzak ezinbestekoa duen inbertsioa, plantila handitzea, langileen egonkortasuna eta lan-baldintza onak, gelako ikasle ratio txikiagoak eta egoera berezietarako baliabideak garatzea.