Hezkuntzako langileen txertaketa prozesuan nabarmena da Osasun eta Hezkuntza sailen arteko koordinazio falta eta inprobisazioa

2021/02/25
Hezkuntza publikoko langileen txertaketa mutuen esku uzteak agerian uzten du gure osasun sistema publikoa indartu eta baliabidez hornitu beharrean, gobernu honen apustua pribatizazioaren aldekoa dela.

Pasa den astean ELAk salatu zuen langileen ordezkariekin ezer partekatu gabe hezkuntzako langileen txertaketa plana abian jarri zuela Jaurlaritzak. Sindikatuak pandemia guztia darama exijitzen, pandemiaren kudeaketa planifikatu, partekatu eta osasun irizpideetan oinarritua izatea. Baita gai honi buruzko planifikazioa lantzeko hezkuntzako foro baten sorrera zein hezkuntza publikoko osasun batzordearen aktibazioa eskatzen; azkena, txertaketa prozesuaren inguruko plangintza langileon ordezkariokin partekatzeko helburuarekin osasun batzordea deitzeko eskaera.

Hezkuntza sailak atzo goizean bertan arratsalderako osasun batzordeko urgentziazko bilera deitu zuen, pandemiaren kudeaketa osoan bigarrena hala ere.

Pandemiaren kudeaketa osoan zehar gertatu den bezala, bilera honetan ere argi geratu zen hezkuntzako langileen txertaketa prozesuan ere planifikazio falta, Hezkuntza eta osasun sailen arteko koordinazio gabezia, zein honek guztiak suposatzen duen antolakuntza anabasa direla nagusi:

  • Ez ziguten inolako protokolo edo plangintzarik helarazi idatziz; emandako informazioa guztia ahoz eta arrapaladan izan zen.
  • Ez daukate ikastetxeetara bidaltzeko jarraibiderik prest, eta lasterka eskatzen diete informazioa, besteak beste ikastetxeetako txertatzeko asmoa duten langileen errolda 2 egunetako epean.
  • Esan ziguten lehen fase honetan txertatuko diren langileak ezartzeko osasun irizpidea musukorik gabeko ikasleekin lan egiten duten 55 urtetik beherako langileena izan dela (hemen barneratuz HHko irakasleak, heziketa berezikoak, gela egonkorretakoak, zeregin ikaskuntzako geletakoak eta jangeletako begiraleak). Itunpeko ikastetxeetan irizpide honen baitan sartzen diren langileei eta Haurreskoletakoei, ordea, ez zaie lehen fase honetan txertoa emango,
  • Hezkuntza publikoko langileen txertaketarekin Otsailak 26an hasiko dira; ez dakite ordea non hasiko diren, mutuaren bidez gauzatuko baitute txertaketa. Hau jarriko da langileekin harremanetan.
  • Haurreskoletako eta Itunpeko ikastetxeetako langileen txertaketa ez dakite mutuen bidez gauzatuko den edo osakidetzatik gauzatuko den.
  • Txertaketa borondatezkoa izango da.
  • Gainerako langileak noiz edo ze irizpideren arabera txertatuko diren ez dakite. Ez dago egutegi edo irizpide finkapen aurreikuspenik gainerako langile guztien txertaketerako: 55 urtetik gorakoak, garbitzaileak, sukaldariak eta garraioko langileak besteak beste.
  • Txertaketa unean lanean ez dauden langileen kasuan (bajan, exzedentzian, une horretan izendapen/kontraturik gabe dauden ordezkoak...), behin lanera itzultzerakoan beraiek jarri beharko dira mutualitatearekin harremanetan txertatzeko.

Hau horrela, ELAk berriro ere langileen txertaketa prozesuan informazioa, kudeakateren ardura duten Sail desberdinen arteko koordinazioa, gardentasuna eta osasun irizpideen araberako planifikazio bat exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari.

Sindikatuak bereziki salatu nahi du Gobernu honek hezkuntzako langileen txertaketa fase honetan, txertaketa gauzatzea mutuen esku uztea erabaki izana; Gure osasun sistema publikoa indartu eta beharrezko dituen baliabidez eta langilez hornitu beharrean osasun publikoaren kudeaketarekin enpresa pribatuek negozioa egitearen aldeko erabaki politikoa dagoelako.