Hezkuntzako murrizketek lan baldintzen okertzea eta hezkuntza kalitatearen galera ekarriko dituzte

2012/04/17
ELAk Wert ministroaren murrizketa neurriak azken hamarkadetako larrienak direla salatzen du eta lanpostu gehiago galtzea, lan baldintzen okertzea eta hezkuntza kalitatearen galera ekarriko dituztela, salatu du.

Hezkuntzako ministro den Jose Ignacio Wertek, sektorean 3.000 milioi euro murriztuko dituen plana aurkeztu die gaur Erkidego Autonomoei.

Erreforma plangintzan lantzen diren gai aipagarrienak hauek dira:

  • Gelako ikasleen ratioaren gehitzea. Gelako ikasleen legezko muga %20a handitzea espero da.

  • Lehen hezkuntzan 25 irakastorduko minimoa ezartzea eta bigarren hezkuntzan 20.

  • 10 egun baino gutxiagoko irakaslegoaren bajak ez dituzte beteko. Baja hauek zentro bakoitzeko baliabideekin beteko dituzte.

  • Soldata osagarriak izoztu edo murriztuko dituzte.

Zenbait erkidegotan irakastorduen gehitzea 2012-2013 ikasturtean jarriko da martxan eta beste zenbait erkidegotan hurrengo urtean, Nafarroa barne.

Azken hamarkadetan hezkuntzan eman diren murrizketa larrienak diren hauek, laster argitaratuko diren osasun murrizketekin batera, zerbitzu publikoak arriskuan jartzen dituen gobernuaren “aurrezte plana” osatzen dute. Plan honek enplegu izugarri suntsitzea, lan-kargen handitzea eta hezkuntzaren kalitatea nabarmen kaltetzea ekarriko du eta ondorioz gizarte demokratiko batean funtsezkoa den hezkuntza zerbitzua arriskuan jartzea.

ELAk neurri hauek erabat arbuiatzen ditu eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari exijitzen die neurriok ez aplikatzea eta aintzat hartzea euskal esparruan sinatutako akordioak. Onartezina da Iribas sailburuak erabakiaren formak besterik ez kritikatu izana edukia gaitzetsi gabe eta Celaá sailburuak, beste behin ere, neurriekin ados ez dagoela adieraztea, baina jarraian bide juridikoek zein zirrikitu uzten dieten esatea, neurriak ez aplikatzeko konpromiso sendoa hartu beharrean.

Hezkuntzari egindako eraso berri honen aurrean, ELAk, beste behin ere, mobilizazio bidean jarraituko du gobernuak hartzen ari diren neurri guztiz antisozial hauek salatzen.