Hezkuntzako sukaldeetako eta garbikuntzako kontratuak ez dira ordezkatzen

Hezkuntza Delegaritzetan, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan, hainbat lanpostu ez dira bete ikasturtea hasi zenetik, eta, ondorioz, langileen lan-karga izugarria da. Askotan ezinezkoa egin zaie sukaldari eta garbitzaileen ordezkapenak kudeatzea, horrek dakarren anabasarekin. Eusko Jaurlaritza egoeraren jakitun izan da, lau aldiz salatu baitu egoera ELAk, bai idatziz, bai egin ditugun mahaietan. Hala ere, Jaurlaritzak ez du inolako neurririk hartu egoera konpontzeko.
Eskoletako garbiketan eta sukaldeetan ordezkapenak ez betetzea bereziki da larria; administrazioak berak ezinbestekotzat hartzen ditu kolektiko hauek pandemian, eta, besteak beste, zerbitzu minimoak %100 izan dira garbiketan egin diren azken bi grebetan. Beraz, greba eskubidea urratzeko besteko ezinbestekoak dira, baina egunerokoan, aldiz, ez dituzte garrantzitsutzat jotzen, ez baitira ordezkatzen. Gainera, sukaldeetan are gehiago handitzen du langileen lan karga: umeei jaten eman behar zaie, ratioak errespetatzen ez badira ere, eta leku batzuetan bi sukaldari ordezkatu gabe egon dira. Langileek jasan duten lan-zama lotsagarriaren eta, hala ere, erakutsi duten borondate onaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak utzikeriaz jokatu duela salatu nahi dugu: langileen osasuna eta erabiltzaileen osasuna eta zerbitzua arriskuan jarri ditu.
Esandako guztiagatik, ordezkapenak kudeatzeko eta gauzatzeko behar beste neurri hartzea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari, ordezkapen bat bera ere ordezkatu gabe gera ez dadin. Neurri horien artean ezinbestekoa da Administrazio Orokorreko Hezkuntza Delegaritzak lanpostu eta langile nahikoz hornitzea, beharrezko lanpostuak sortuz, betez eta gaixotasun baja edo bestelako egoeretan langileak ordezkatuz.