Hezkuntzaren EPE deialdi berria ez da nahikoa

2021/11/08
Hezkuntza Sailak ezagutzera emandako 928 plaza barnebiltzen dituen EPE deialdiak ez dio inola ere erantzuten egun hezkuntza publikoan bizi den behin-behinekotasun eta prekaritate egoerari. ELAren ustetan 2022ko otsailean ateratzekotan diren maisu maistren deialdian eskainiko diren 928 lanpostuak guztiz ez nahikoak dira

ELAk gure herrian behar eta nahi ditugun lanpostu publikoak erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du, eta hala den heinean onartezina iruditzen zaigu birjartze tasen muga. Gainera, azpimarratzekoa da EPE deialdi honetarako ezarritako %110eko birjartze tasaren ondorioz ateratako plazen%90 jubilazioek utzitako hutsuneak betetzera bideratuak direla eta soilik %10 behin-behinekotasun tasa jaistera bideratutakoak.

Bestalde, kopurua ez nahikoa izateaz haratago, EPE eredu honekiko desadostasuna ere ugaritan plazaratu dugu eta ELAtik mahai gainean jarri dugu. Ezinbesteko ikusten dugu zein EPE eredu nahi eta behar dugun negoziatzeko aukera izatea, baina Hezkuntza Saila ez dago horretarako prest.

Amaitzeko, 2020ko Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako EPEi dagokienez ELAtik salatu genuen bezala, Hezkuntza Sailetik prozedura izugarri luzatzen ari dira, besteak beste gaur arte ez dira argitaratu oposizio fasearen emaitzak eta azaroaren bukaera edo abenduaren hasiera arte ez dituzte argitaratuko plaza lortu duten parte-hartzaileen zerrendak. Azken hauek praktikaldia 2022-2023 ikasturtean egingo dute.

ELAk egungo behin-behinekotasun eta prekaritateari benetako erantzuna emango dion EPE deialdi eta eredu desberdin bat defendatzen du, egungo beharrei erantzungo diena, genituen lanpostuak beteko direla bermatuko duena eta urte luzeetan zehar behin-behineko egoeran diharduten eta beren gaitasuna egunero eskoletan demostratzen duten irakasleen kontsolidazioa ahalbidetuko duena.

Hala ez den bitartean, ELAtik bultzatzen ari garen mobilizazioei jarraipena emango diegu egiturazko arazo den behin-behinekotasuna lehen lerroan jarri eta benetako kontsolidazio prozesuak martxan jarri arte.