Itunpeko ikastetxeak
Hirugarren greba egunak jarraipen zabala izan du

Egunotan, Kristau Eskola patronalak, sektore honetan gehiengoa duenak, elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua egin du. Hala ere, azken negoziazio mahaitik, otsailaren 2tik, patronalak ez dira sindikatuekin harremanetan jarri.
Ikasturtea hastearekin batera, sindikatuek benetako negoziazio bat hasteko eskatu zieten patronal horiei, eta bilera bat eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, negoziazioaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dute erantzunik jaso.
Helburua hitzarmena lehenbailehen berritzea da, 2021eko abenduan iraungi baitzen. Sindikatuek adierazi dutenez, ez dute aurreko hitzarmena sinatzeko beharrezkoa izan zen dinamika errepikatu nahi, 29 greba egun egin zirelako.
Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: lan kargak arintzeko neurriak, sektore feminizatuenentzako eta prekarizatuenentzako hobekuntzak, KPIa bermatuko duten soldata igoerak, lanpostuei eusteko neurriak eta Lanbide Heziketako edukiak. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasunari, eta bereziki arrisku psikosozialei, heltzeko planak ere sindikatuen jomugan daude.
Sindikatuek gogorarazi dute aurreko hitzarmenaren negoziazioan argi geratu zela edukiak daudenean akordioak daudela. "Akordioa sindikatu nagusiek eta patronal nagusiek lortu zuten", adierazi dute.