Hitz polit eta propagandaz haratago Madrilgo dekretuen esku hartzeen aurrean gure eskuduntzak benetan defenda ditzala exijitzen dio ELAk Goirizelaiari
Abenduak ELAk salatu zuen gero eta garbiago zegoela UPV/EHUk ahal badu ere, ez duela 20/2012 Errege lege Dekretuak ezarritako murrizketen aplikazioa ekidin nahi (bajen osagarriak, aparteko ordainsaria, lanaldia, ordu sindikalak). Ordurarte mantendu genituen bileretatik ateratzen genuen konklusio nagusia ondorengoa zen: UPV/EHUk elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera zuela adierazten zuen ados ez zeuden ahotsak isilarazteko asmoz, baina bere ekintzek erakusten ziguten errealitatean Madrilgo eskuhartzeei aurre eginez murrizketak ez aplikatzeko benetako borondaterik ez zutela.
Hau horrela, atzo errektorearen kargu hartze ekitaldia gauzatu zen eta gure harridurarako, Iñaki Goirizelaiak bere hitzaldian ondorengoa bota zigun: bere ustez Errege Lege Dekretu berri hauek guztiek hezkuntza eta ikerketa alorreko eskuduntza autonomikoak urratzen omen dituzte, eta gure esku egon omen daiteke hau gertatzen den azken aldia izatea. Ondoren, hezkuntza eta ikerketa eskuduntzen alde jarduteko bere laguntza osoa eskaini zion lehendakariari eta unibertsitate autonomian erabat sinisten duela adierazi zuen.
ELAk errektoreari zera adierazten dio: zuzenean bere esku dagoela 20/2012 Errege Lege Dekretuan ezartzen diren murrizketak ez aplikatzea unibertsitateko langileei eta hainbeste sinisten badu unibertsitatearen autonomian, autonomia horretan zein bere eskuduntzetan oinarrituz, Errege Lege Dekretu honen aplikazioa ekiditeko behar besteko neurriak har ditzala eskatzen diogu. Hala exijituko diogu aurrerantzean izango ditugun bileretan ere, izan ere, orain arte murrizketak aplikatzeko moduen negoziazioa soilik jarri baitu mahai gainean UPV/EHUko zuzendaritzak.