Ibaigane ikastetxea itxiko dute oraindik langileei irtenbiderik eman gabe

2014/07/24
Gaur Jesusen Bihotza kongregazioak Ibaigane ikastetxea ixteko erabakiaren aurrean ELAk Eusko Jaurlaritza eta Kristau Eskola salatzen ditu langileei oraindik irtenbiderik eman ez dielako. Sindikatuak gobernuari eta patronalari langile guztien birkokapena exijitzen die

Gaur, uztailak 24, behin betiko itxiko dute Ibaigane ikastetxea. Azken urte luzetako kudeaketa tamalgarri eta guztiz ilunaren ondorio latza da ikastetxearen itxiera. ELA ikastetxeko langileen ordezkariekin batera behin eta berriro saiatu da azken urte luze hauetan eta modu berezian azken hilabeteetan ikastetxearen benetako egoera ezagutzen eta Jesusen Bihotza kongregazioak zituen asmoen berri jakiten, baina ez ikastetxearen titularren eskutik ezta Kristau Eskolaren eskutik ez dugu inolako erantzunik jaso.

Ikastetxearen jabeek eta Kristau Eskola patronalak ikasturte amaierara itxaron dute aldebakarrez eta familiak eta langileak kontutan izan gabe hartu duten erabakia ezagutzera emateko. Inoiz ez dute egoera familiekin edo langileen ordezkariekin elkarbanatu nahi izan, ezta ikastetxeak bizi zuen egoerari irtenbidea bilatu eta adostu ere.

Gaur ofizialki ikastetxea behin betiko itxiko da, familia eta ikasleei inola ere egokia ez den hala-nolako irtenbide bat aurkitu zaie, baina langileei oraindik ere ez zaie inolako irtenbiderik eman.

Egoera honetan, Eusko Jaurlaritzak eta Kristau Eskolak ardura zuzena dute eta onartezina da hainbeste urtetan milaka familien hezkuntza beharrei erantzun dien langile hauek gauetik goizera kalean uztea.

Horregatik langileen ordezkariek gobernuari eta Kristau Eskola patronalari plantilla osoaren, hau da, 51 pertsonen birkokatzea eskatu diote, ikasleak birkokatuak izan diren itunpeko ikastetxeetan edota Kristau Eskolaren gainerako ikastetxeetan.