Ikasturte amaieran kaosa dakar Iribasek ikastetxe publikoetara

2014/06/10
Edozein arrazoi delarik suertatuko diren ordezkapenak ez betetzeko agindua eman du Nafarroako Gobernuak.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan maiatzaren 31etik aurerra eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan ekainaren 6tik aurrera inor ez ordezkatzeko agindua eman du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak publiko egin ez den ohar baten bidez. Neurri hura azaltzeko argudio bakarra Barcinaren gobernuak langilerian aurreztu beharra aipatzen du.

Aurretik suertaturiko ordezkapenak betetzen jarraituko duela dio Departamentuak baina ikasleak eskolan egongo ez diren egunetan, lanaldia murriztuko die Iribasek lanaldi osoko funtzionarioak ordezkatu dituzten interinoei.

Aipatu neurriek (ordezkapenak ez betetzea eta lanaldiak murriztea) kaosa ekarriko dute ikasturte amaieran Nafarroako ikastetxe publioketara. Kasu batean ikasleak atenditu gabe geldituko dira. Bestean, ikasturte amaierako ebaluazio saioak, noten banaketa edota gurasoekin egin beharreko bilerak kolokan geldituko dira.

Hezkuntzaren kalitatearen kontrakoak diren neurri hauek inongo estaldura legalik gabe hartu ditu Iribasek zuzendutako Departamentuak. Horregatik, bide guztiak, juridikoa barne, irekiko ditu ELAk hezkuntza publikoaren kontra egindako enegarren eraso hau gelditzeko.

Iribasek behin eta berriro argi utzi du nafartar guztien hezkuntza zuzentzeko gai ez dela. ELAk kargua lehen bait lehen utz dezan exijitzen dio.