Irakaskuntza publikoko irakasleen ordezkari guztiok uko egin diogu jaurlaritzaren sasi negoziazioari

2014/04/09
Eusko Jaurlaritzak gaurko deitu duen irakaskuntza publikoko irakasle funtzionarioen mahaira ez joateko erabakia hartu dugu bertan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok gobernuaren sasi-negoziazioa salatzeko. Ia hiru hilabeteko atzerapenez, murrizketak bere horretan mantenduz eta sindikatuok eskatutako oinarrizko aldarrikapenei inolako erantzunik eman gabe deitu du bilera Hezkuntza Sailak

2013aren martxoan lan hitzarmen berriaren negoziazioa hastekoa zen, urte osoa igaro ondoren abiapuntuan jarraitzen dugu. Eusko Jaurlaritzak negoziazioa murrizketa guztien aplikaziotik abiarazi nahi izan du. Estatu espainoletik etorritako murrizketa filosofiari jarraiki Lakuak ere murrizketa politika oso bati hasiera eman zion, batzuetan Madrili aurre hartzen eta bestetan haratago joanez. Negoziazioen hastapenetik administrazioaren jarrera agerian gelditu zen: zero kostuko negoziazioa abiaraztea, murrizketa berriei atea zabaltzeko prestutasunarekin.

Bitartean ikastetxeen egoera, irakasleen lan baldintzak bezala, gero eta okerragoa da.

  • Aurtengo datuen arabera 3500tik gorako hazkundea izan dugu matrikulan, hala ere 750 irakasle gutxiago kontratatu dituzte. Laburbilduz, gelak gero eta beteago daude eta giza baliabide gutxiago daude orokorrean.

  • Ordezkapenak ez dira lehen egunetan betetzen honek duen ondorioekin, ikasleentzat arreta kaltetua izaten da eta irakasle ordezkoentzat lan gutxiago dago.

  • Soldaten jaitsiera eta izozketa dela medio 2009tik hona galdutako eros ahalmena %18 ingurukoa da kidegoen arabera, 2012an 14. ordainsaria lapurtu izana, ITZARRI aportazioa eta gaixotasunagatiko deskontuak kontuan hartu gabe.

  • Plantilak gaztetu beharrean erretiro adina orokorra atzeratzen ari da eta aurre erretiroa errazteko neurriak desagertu ziren 2011an. Gizarte Segurantzako irakasleek bereziki kaltetuta daude une honetan, ez erretiro aurreraturik, ezta errelebo kontratuari lotutako erretiro partzialik ere ezin baitute lortu.

Mahai Orokorraren blokeoaren ondoren, irakasleen mahai negoziatzailean ere aurrerapausorik ez zegoela ondorioztatu genuen. Horrexegatik, azken negoziazio mahaian sindikatuok lehentasunezko 5 puntuei buruzko proposamen zehatzak egitea eskatu genion administrazioari. Hona hemen bost puntuak:

  • Plantilak handitzea

  • Ordezkapen guztiak bete eta ordezkoen lan baldintzak hobetzea

  • Eros ahalmenaren galera errekuperatzea

  • Erretiro aurreratua guztiei bermatzeko bideak bilatzea

  • Baja egoerak ez zigortzea eta % 100 ordaintzea

Hezkuntza Sailak idatziz erantzungo zuela agindu zuen, baita urtarrilaren amaierarako bilera egiteko deia jasoko genuela. Bilera deia, berriz, apirilaren hasieran jaso dugu, inolako proposamenik gabe.

Urkullu lehendakariak eta gobernu kide ezberdinek beren kudeaketari eta ekimenei buruzko laudorioz jositako adierazpen publikoak mugarik gabe egiten ari diren bitartean, ez dira kapaz ia 25.000 langileen lan baldintzaz ezer erantzuteko hauen ordezkariei. Hori bai, oso kapaz izan dira murrizketa politika guztiak aplikatzeko, Madrilgo legeak eta arauak goitik behera ezartzeko, auzitegiak ebatzi aurretik edota ondoren, bide propioak eraiki ordez, negoziazioa, adostasuna eta akordioak sustatu eta oinarri gisa hartu ordez.

Enplegu publikoa sustatu behar du Eusko Jaurlaritzak, handitu diren beharrei (matrikularen gorakada, proiektuak…) erantzun behar die neurri zehatzekin, ez adierazpen ponposoekin, langileen lan baldintzak zigortzeari utzi behar dio.

Beraz, Hezkuntza Sailari exijitzen diogu hezkuntza publikoko irakasleen ordezkariok egindako eskaerei erantzutea eta lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza publikoaren kalitatea garatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea.

Bitartean, Negoziazio Mahaian gauden sindikatuok ez gara joango edukirik gabeko bilera batera. Ez dugu itxurakeriak egin nahi egoera larri honetan.