Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV)
Irakasle eta ikertzaileen soldata baxuak salatzen ditu ELAk

Alde batetik, oinarrizko soldatak baxuak dira; euskal funtzio publikoko maila edo kategoria pareko langileen soldatekiko arrakala %73koa da bataz beste eta, gainera, gainerako langile-publikoek bezalaxe, %20ko eros-ahalmenaren galera metatua dute. Bai soldata-egitura bai soldata-igoerak Madrilek inposatzen ditu, hau erabakitzeko eskuduntzako hemengoa izan arren.
Bestetik, oinarrizko soldatak duintzeko tresna moduan sortu zen osagarri sistemak, egituratuta dagoen moduan, ez du sortu zeneko helburua betetzen; ez dira osagarrien zenbatekoak eguneratu, genero arrakalan sakontzen du eta tarteak eskuratzeko baldintzak gero eta zailagoak dira.
Honen guztiaren erroko arazoetako bat inbertsio publikoaren beherakada da. Azken hamarkadan eman den azpifinantziazioa Europako azken muturrean jartzen gaitu. Murrizketa-politikak muturreraino eraman dira; osagarriak eguneratu ez izana honen adibide garbia da.
ELAk ez ezik, azken egunotan langile talde batek egoera hau salatu du sareetan manifestu eta sinadura bilketa baten bitartez. ELAk manifestuak egindako diagnostikoarekin bat egiten du, langile guztiak sinadura-bilketan parte-hartzera animatuz, eta hurrengo aldarrikapenak luzatzen dizkio hurrengo errektoretza-taldeari eta Eusko Jaurlaritzari:
- Osagarrien sistema eraldatu beharra dago; oinarrizko soldata duinak negoziatu behar dira, karrera profesionalak baldintza duinak bermatu behar ditu hasieratik.
- KPIa bermatu beharra dago; galdutako eros-ahalmenaren berreskurapena negoziatu beharra dago eta hurrengo urteetako igoerak bermatu.
- Azpifinantziazioarekin amaitu beharra dago; BPGaren %1era iristeko pausoak negoziatu behar dira.
Esandakoagatik, ELAk soldatak duintzeko borrokari eutsiko dio eta langileen ekintzak hauspotzeaz gain, plangintza espezifikoa abian jarriko du baldintzak sortu eta helburua lortzeko.