Irakasle oposizioetako gaztelania eta euskarazko aurkezpen ekitaldien artean denbora tarte eskasa utzi du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak

2016/05/30
Bi hizkuntzetan deitu diren oposizio guztietan suertatzen da hau baina bereziki larria da Musika eta Entzumena eta Lengoiaren kasuan. Ekainaren 10ean arratsaldeko 16.00ean euskarazko epaimahaiak deituak daude Txantreako Iñaki Ochoa de Olzan, handik bi ordutara, zabalguneko Plaza de la Cruz institutoan egon beharko dute.

Maisu-maistren kidegorako deitu diren oposizioak aurkezpen ekitaldi batekin hasten dira. Ezinbestekoa da bertaratzea eta ezin da beste inorengan delegatu; bertan programazioa entregatu behar da eta aurkezten ez direnak guztiz baztertuak dira oposiziotik. Hara ba, euskaraz eta gaztelaniaz oposizioak egingo dituztenek, 16.00etan izango dute euskarazko aurkezpen ekitaldiaren hasiera eta 18.00etan gaztelaniazkoa. Hainbat berezitasunetarako gainera Iruñea zeharkatu beharko dute. Hortaz, oposizioei lasterketa batekin emango diote hasiera. Mendoza buru duen Hezkuntza Departamentuaren enegarren aldrebeskeria dugu hau:

  • 120 euskarazko lanpostu desagerrarazi ditu

  • hizkuntzen araberako diskrimazioa mantendu du, zerrenda bakarra ukatuz

  • Bi tasa, bi azterketa; bi programazio, bi proba praktiko eta bi unitate didaktiko egin beharko dituzte hautagai euskaldunek

  • hautagai euskaldunen hizkuntza eskubideak urratu eta gaztelaniaz probak egitera behartuko ditu hautagai euskaldunak

Aurreko guztia nahikoa ez balitz, lasterketa gehitu die hautagai euskaldunei oposizioetako beste proba bezala.

Bi hizkuntzetan deitu diren oposizio guztietan suertatzen da hau baina bereziki larria da Musika eta Entzumena eta Lengoiaren kasuan. Ekainaren 10ean arratsaldeko 16.00ean euskarazko epaimahaiak deituak daude Txantreako Iñaki Ochoa de Olzan, handik bi ordutara, zabalguneko Plaza de la Cruz institutoan egon beharko dute.

ELAk epaimahai koordinatzaileari eskatuko dio, gaztelaniazko aurkezpena atzera dezala. Afiliatu eta interesa duten guztientzako kotxeak antolatuko ditugu inor ez dadin berandu iritsi bigarren aurkezpen ekitaldira.