IRALE

Irakasleak murgiltze ikastaroak mantentzearen alde mobilizatu dira

2026/05/14
Irakasleak murgiltze ikastaroak mantentzearen alde mobilizatu dira
Ikastetxe publikoetako ehunka irakaslek bat egin dute Steilasek, LABek eta ELAk deitutako protestekin. Aurretik, maiatzaren 5ean, hamar egunetan zehar bildutako 6.500 sinadura baino gehiago aurkeztu zizkioten Hezkuntza Sailari, IRALEren hizkuntza murgiltze ikastaroak mantendu ditzaten eskatzeko.

Agerikoa da irakasleak ez daudela ados Hezkuntza Sailak IRALEko R ikastaroak bertan behera uzteko hartutako erabakiarekin. Aitzitik, ikastaro hauek beharrezkotzat jotzen diztuzte eta hauek mantentzearen alde daude.

Hiru sindikatuak beraz, hezkuntza sailari egiten dizkioten eskaera zehatzetan berresten dira:

    • Irakasleentzako euskarazko murgiltze ikastaroak mantentzea (R bidez eskainitakoak barne) langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean. 
    • Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzan egun dagoen beharra aitortzea, eta ikastaroak ez murriztea ikastetxeetako mikro formakuntzetara.
    • Murgiltze bidezko formakuntza honen irismena eta eragina hobetzeko neurriak langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea.
    • Formakuntza molde hori bermatzeko, gutxienez orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea.
    • Euskaran ardaztutako formakuntza gaur egungo beharretara egokitzea eta indartzea, sindikatuekin negoziatuta.

Euskal Herrirako euskaran ardaztutako hezkuntza sistema burujabea defendatzen dute sindikatuek, euskararen ezagutza eta erabilera bermatuko dituena eta euskal hiztun osoak heziko dituena, gizarte kohesionatu euskaldun baten alde. Horretarako, irakasleentzako euskaran eta euskal kulturan ardaztutako prestakuntza funtsezkotzat jotzen dute, irakasleak baitira ikasleen eta hezkuntza-sistemaren lorpenen eragile nagusiak.  Euskararen ezagutzan, soziolinguistikan eta euskal kulturan eta horien guztien transmisioan trebatutako irakasleak izatea eta hauek etengabe formatzea ezinbestekoa da beraz.

Hau esanda, sindikatuek uste dute neurri eta baliabide berriak behar direla, baina horiek ezin dituztela daudenak ordezkatu, baizik eta daudenak osatu eta indartu behar direla.