lan osasuna

Irakasleek presiopean egiten dute lan baliabide faltagatik

Irakasleek presiopean egiten dute lan baliabide faltagatik
Bizkaiko Psikologoen Elkargoak eta EHUk egin berri duten ikerketaren arabera, EAEko ikastetxeetako baliabide faltak irakasleen ongizatean zuzeneko eragina du.

Atzo, urriak 21, Bizkaiko Psikologo Elkargoak eta EHUk EAEko irakasleen ongizate emozionalari buruz egiten ari diren ikerketaren lehen faseko emaitzen berri eman zuten. Emaitza hauen arabera, irakasleak prestatuta eta konprometituta dauden arren, hezkuntza-baliabideen faltagatik, etengabeko presiopean lan egin behar dute.

Ikertzaileek, hainbat baieztapenen artean, arazoa ikasleen aniztasunean ez dagoela adierazi dute, premia horiei behar bezala erantzuteko baliabide faltan baizik. Zehazki, ondorengoa baieztatu zuten atzo publiko egindako prentsa oharrean:

“Datuek argi uzten dute kolektiboa konprometituta dagoela, prestakuntza profesional sendoa duela eta irakaskuntzaren erronkei aurre egiteko gaitasuna duela. Kontua ez da irakasleak prestatuta dauden ala ez, baizik eta lana ahalik eta baldintzarik onenetan egiteko beharrezko baliabideak eta laguntzak dituzten”,

“Kolektiboaren ongizate psikologikoari buruzko azterketa honek ondorio garbi bat dakar: irakasleen zati batek bizi duen ondoeza hezkuntza-sistemaren egiturazko eta antolakuntzako faktoreekin dago lotuta nagusiki, eta ez hainbeste haien gaitasunekin edo lan-errendimenduarekin”.

Ikerketa honek ELAtik azken urteetan salatu eta aldarrikatu duguna berresten du: irakasleen, eta orohar, hezkuntzako profesionalen artean arrisku psikosozialak, estres maila eta gain hartze sentsazioak gora egiten ari dira. Eta honi aurre egiteko hartu beharreko neurririk premiazkoena baliabideak handitzean datza. Horregatik, ELAtik ezinbestekotzat jotzen dugu ratioen jetsiera gauzatzea, ekipo egonkorrak mantentzea, baliabide gehigarriak ezartzea eta lan-taldeetara profesional profil egokiak gehitzea (psikologo edo gizarte langileak esaterako).

Egoera honen jakitun den arren, Hezkuntza Sailak ez dauka neurri eraginkorrik ezartzeko asmorik, ezta premiazkoak diren baliabideak ezartzeko borondaterik ere.Horren eakusle dira, besteak beste, Hezkuntza ailaren prebentzio zerbitzua ez indartzeko erabakia, edo arrisku psikosozialean azterketak modu ez bermatzailean, ikastetxea ez baizik eta modu orokorrean eta enpresa pribatu baten bidez egiteko erabakia.