HEZKUNTZA PUBLIKOA (EAE)
Irakasleen grebak %75etik gorako jarraipena izan du

Hezkuntza sailak greba desitxuratzeko saiakera egin badu ere, sindikatuok batutako datuen arabera, grebak jarraipen zabala izan du, izan ere, deitutakoen %75ak baino gehiagok babestu du, Hala ere, beste behin ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela eta ondorioz, greba bera baldintzatua egon dela.
Aipagarriak dira greba babestu duten irakasle kopuru handia dela eta, irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak:
Gasteizen: Salburua HLHH (%90); Mariturri (%88); Lopez de Guereñu (%82) eta Zabalgana BHI (%80); Toki Eder (%74,6)
Donostian: Amara Berri Urbietako eraikina (%100); Amassorrain (%87); Aitor Ikastola (%87); Lauaizeta BHI (%84) eta Intxaurrondo ikastola (%80)
Bilbon: Atxuriko eskola (%100); Txurdinaga HHLH (%100) eta Bilboko Kontxa Eskola (%80) Hiriburuez gain Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietako ikastetxeen erantzuna eredugarria izaten ari da.
Grebaren arrakastaren adibide garbia da Bilbon “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako manifestazioan milaka langile elkartu direla.
Hortaz, milaka eta milaka irakaslek salatu dute gaur EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako.
Hezkuntza sailari eduki gabeko bilerak deitzeari uzteko eta greba hauetako aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak mahai gaineratzeko eskatu diote.
Urtarrilaren 22ko deialdiari jarraipena emanez, 23an ere greba eguna dute EAEko hezkuntza publikoko irakasleek. Manifestazioak 11:30tan egingo dira: Bilbon delegaritza aurretik abiatuko da, Donostian Bulebarretik eta Gasteizen Bilbao plazatik.